kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Munstro abertzalea / Ignazio Aiestaran / Elkar, 2003

Norbera gizartean Igor Estankona / Deia, 2003-04-08

Herria, lurraldea, boterea, horiek ei dira Estatuaren hiru osagai nagusiak. Ignazio Aiestaranek estaturik gabeko nazio batean hiru elementuok maiz hartzen duten itxura xelebrea aztertzen du. Duda barik Estatuak ere ez daude kontraesanetatik salbu globalizazioaren erronken aurrean. Hala ere, kontraesan horiek pertsonarengan sortzen duten arrakal sentimentala askoz aberatsagoa da (eta beraz, gogorragoa), adibidez, euskaldunon kasuan.

Bihotza eskuan, poetak promes egiten du dogmatismorik gabe idatziko duela duda eta segurantza guztien gainean. Egiazkotasuna da hain zuzen “Munstro abertzalea” honen merituetako bat. Iritziak gora behera, bilaketa demokratiko sakona dago poemetan, eta baita edertasunaren eta zehaztasunaren arteko oreka ikusgarria ere. Norbere burua defenditzeko erabakian oinarritzen da iruindarraren lana. Hori lortzeko kontraesanen eta pekatuen onarpen egiazkoa egiten du lehen lehenik.

Zertarako balio du dogmatismoak hain mundu anitzean? Baina, bestalde, zelan ez eraiki segurantzarik aniztasun hori onartu eta integratzeko? Irakurle bakoitzak bere ondorioak aterako ditu, baina niri nortasunaren inguruko poema liburu bat iruditu zait. “Munduko hiritar” globalizatzaile eta nazionalista guztiei zera esaten die Aiestaranek: ni ere munduko hiritarra naiz, euskalduna naizen neurrian. Nire euskalduntasuna uka ezazue eta nire mundutartasuna ukatzen ibiliko zarete.

Purrustada handirik ez dago liburuan. Bakarrenetarikoa izena bera (Ignacio) inposatu zion sistema bati egindakoa da, edo, sistemari baino gehiago, momentu hartan erregistroaren arduradun zen funtzionario konkretuari. Ez da edozelako detailea hori: liburuan dagoen gaitzespen bakarrenetarikoa pertsonari zuzendua egotea, eta ez aginteari. Pertsonari zuzendua dago, halaber, poema bakoitza. Guk izan behar genuke errudun eta biktima, guk izan behar genuke boterea, guk izan behar genuke akatsa eta barkamena. Handinahi barik, berez, ateratzen dituen ondorioak dira gainera. Irakurlea gustora egongo da orrialdeotan idazleari entzunez eta hori guztia gutxi balitz, Joxe Azurmendiren epilogo mardula dauka Ignazio Aiestaranen liburuak. Poemetan euretan oinarrituta (irakurketari jarraituz gogoetan, berak onartzen duen legez) garai nahasiotan galdu barik ibiltzeko iparrorratza proposatzen digu filosofoak.

Liburuaren atal bat poesia da, bestea saiakera. Bata zein bestea zinezko gogoetak, gogoeta atsegin duen literaturzalearentzat.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak