kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak / Iban Zaldua / Elkar, 2018

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak Txema Arinas / uberan.eus, 2018-11-16

Gozatu dut beste behin ere Iban Zalduaren ipuingintzaren azken emaitza honekin, eta beti bezala izugarri. Badut, ordea, hainbat erreparo, inondik inora ipuin liburu hau gaitzesteko asmoz, egileak gogoan duen liburua borobiltzeko eskubide osoa duelakoan bainago, baizik eta agian inori ardura ez zaizkion nire irizpide editorialetariko bat azaltzearren. Halere, gustatuko litzaidake aldez aurretik aletzea zeintzuk diren nire iritziaren arabera Iban Zalduaren ipuingintzaren bertuteak zein onurak hainbat eta hainbat euskal irakurleren gustukoa ere izateko, liburu honetan berriro ezin hobeto biltzen direnak, alegia.

Ezer baino lehen, Iban Zalduaren ipuinak oso gertukoak dira. Alde batetik jorratzen dituen gaiak zein erakusten dituen agertokiak euskaldun gehienok ezagunak direlako. Izan ere, Zalduaren ipuinak agertzen diren pertsonaiak oso belaunaldi zehatz batzuetakoak dira, Franco hil eta gerokoak, demokrazia eta autonomia txikitandik ezagutu zituztenak, asko eta asko ikastoletan hazi eta heziak, 80 eta 90 urteetakoak. Halaber, maiz jorratzen dituen gaiek zein ikuspegiek belaunaldi dagoeneko ez hain gazteon oso propio ere ematen dute, direla bikoteen arteko harremanak (Inor ez zure etxean), direla belaunaldi horien bizitzari aurre egitekoak (Nostalgiak, Egun triste batean), direla ditxosozko euskal gatazkarekikoak (hau beherago jorratuko dut), direla euren zaletasunak literaturan (Irakurgaiaren memoria), musikan edo dela delakoan. Eta zer esanik ez idazleak ipuin askotan erakusten duen komikiaren eragina kontuan hartzen baldin badugu, edo are zehatzago esanda, zientzia fikzioaren lorratza (Zaborra desagerrarazteko makina, Kolonizazioa…), zeinetan ikaragarri ondo uztartzen baititu gai orokorrak edota Euskal Herriko egunerokotasunaren hainbat gai, nola edo hala polemikoak, benetan xelebrea den irudimen batekin.

Baina, baldin badago gai bat non Zaldua berezi nabarmentzen den, hori da delako euskal gatazkaren ingurumariak jorratzeko modu txit zoli eta zorrotza, euskal gizartearen nondik norakoak, are gure Historiarenak irakasle den aldetik, ondo ezagututa ezin hobeto islatzen baititu gurean ematen diren jokaera zein pentsaera ezberdinak (Ezer gertatu ez balitz bezala, Poliziekin amesten, Denbora lerroa, Lekukotasuna…). Eta zein da Iban Zalduaren jokabidea delako euskal gatazkaren ondokoak jorratzean? Nik uste ez duela zentzu handirik nik asmatzea idazleak berak argi eta garbi adierazten baitu liburuko aipu batean:

“(Fikziozko lanek) ez dute irakurlea dogma batekin lotzen, ondoren okerra dela jabetuko dena; ez diote lezio bat irakasten, ondoen desikasi beharko duena. Errepikatu, berrantolatu, argitzen dituzte bizitzaren lezioak; gugandik askatzen gaituzte, besteen ezagutzara behartzen gaituzte; eta esperientziaren sarea erakusten digute, ez gure kabuz ikusi ahal dugun eran, baizik eta aldaketa berezi batekin —gure izakiaren EGO munstrotsu, xahutzaile hori ezabatuz, une batez—.” (Robert Louis Stevenson)

Baliteke hori izatea Iban Zalduaren ikuspuntua euskal gatazka idazpidera ekarrita, hau da, azalez behintzat bere nia erabat aparte utzi nahia inolako leziorik ez ematearren, irakurlea izan dadila ondorioak atera behar dituena, auskalo zeintzuk, nork bere ikusmiratik edo. Ez da, ez, bidea balkoitik neurtzea, demiurgoarena egitea baino pertsonaiekin, haiek izan daitezela euren jokabidearen arduradun bakarrak, egileak txotxongiloen hariak mugitzen ditu ia ustekabean, ia txotxongiloek beraiek bultzatuta. Bada ikuspuntu literario guztiz zilegia, nire ustetan oso eraginkorra ere zenbait gai eztabaidagarri idazpidera ekarrita inork idazleari nolabait alderdikoia izan dela lepora ez diezaion. Halere, nik uste dut zenbait gaitan ere alderdi hautatzea ez dagoela batere gaizki, ez behintzat alderdi moralak edo etikoak direnean. Batzuetan zolitasunaren alde egin ordez gordintasun nolabait alderdikoiaren alde jokatzea zenbait gai jorratzekoan baliotsuagoa edo mamitsuagoa izan liteke. Baina ez dakit nik hori beste literatura mota bati dagokion, agian testimoniokoari, berdin dit egiazkoa edo alegiazkoa den, hain zuzen. Edonola ere, berriro diot aukera literario guztiak zilegizkoak bezain eraginkorrak begitantzen zaizkidala. Bestalde, badago ezaugarri bat Iban Zalduaren delako euskal gatazka jorratzeko moduan, eta egia esanda bere ipuin gehienetan, zin-zinez bereizten duena: ironia. Ironia du Zalduak bere ipuingintzaren euskarri ia nagusi, ironiaz estaltzen baititu ipuinetan gaineratzen dituen egunerokotasunaren zipriztinak, ironiaz eraikitzen baititu bere zientzia fikziozko mundu zoroak, ironiaz ikusten baititu gure belaunaldiotakoen arteko harremanak, ironiaz asmatzen baititu nire ustez apartekoak diren ipuin izugarri eder eta dibertigarri batzuk, Jose Angel Garcíaren eta Maddi Arrietaren adierazpenak edo hitz egiten hasteko ordua, Aparkalekuaren edo Ibilbidea bezalako ipuinak. Bada ordea oso ironia fina eta batik bat atsegina, ez du mintzen, ez du egin nahi, erakutsi baizik ez du helburu, agian irakurlearen musuan irribarretxo bat marraztu gehien jota. Bada ironia bat guztiz eskertzekoa.

Hortaz, beti da plazer handi bat Iban Zalduaren ipuinak irakurtzea, nire kasuan ozta-ozta erreskadan. Eta horrexegatik ere hona hemen nire erreparo xumea ipuinen hautaketari buruz. Badirudi, eta badelakoan nago, Iban Zalduak ipuin liburu bat argitaratzen duen aldiro bertan bolada batean zehar sortutako gustukoenak zein txukunenak sartzen dituela. Gauzak horrela, Zalduaren ipuin liburuetan mota guztietako ipuinak nahasten dira, delako euskal gatazkaren ingurukoak jorratzen dituenak, zientzia fikziozko alegiak, belaunaldien arteko gorabeherak, literatura zein musikarekikoak eta abar. Bada, jakina, hautaketa guztiz zilegi bat, beharbada ere oso erabaki zintzoa egileak bere azken lanak inolako erakutsi baino nahi ez dituen aldetik. Nik ordea, eta aukeran, koherentzia tematikoa nahiago dut, edo gutxienez ipuin gehienak lotuko lituzkeen hari tematiko bat. Ez dakit, Paveseren ipuin liburuetan edo Eider Rodriguezen azkenekoan bezala. Bitxia da gero, oraintsu ere Iban Zalduari argitaraturiko erdarazko ipuin liburua azken urteotan delako euskal gatazkari buruz idatzitako ipuinen itzulpenez osatuta baitago: Como si todo hubiera pasado. Edonola ere, badakit koherentzia tematikoarena oso erreparo eztabaidagarria dela, agian hutsala, ezin ageriagoa baita Iban Zalduaren estilo pertsonala, berezia, gordina bezain atsegina (aipatzekoa ere litzateke erabiltzen duen euskara egiazko euskara garaikidea bezain urbanoa dela, ikastoletakoa bezain hiriburuetako kaleetakoa, euskaldun belaunaldi berri zein kaletar gehienen euskara batua bizi, goxo eta batik bat duina, hots, dena ala ez da izango), hau da, bere idazkera hiru Z, zuzena, zintzoa eta zorrotza, nahikoa dela mota edo gai askotako ipuin eder eta txukunez osatutako liburu honengatik beste behin ere pozteko.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak