kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Zer luzea negu hau / Josu Goikoetxea / Elkar, 2018

Epikarik bakoak Igor Estankona / Argia, 2018-11-04

Oraindik buruz errezita nezake Josu Goikoetxearen 1991ko Urruzunoko “behelaino artifiziala/ kartoizko karriketan./ Hiria lotan da/ eta heroiak zera diotso/ neska bular politari: ‘Deboirmetequieroadiós’/ Baina zuk ez,/ zu Englanden egon zinen/ eta haren ezpain lodietan/ besterik irakur dezakezu./ ‘ImustgoIloveyoubye’“.

Eibarren Asier Serranok antolatzen zituen poeta gazteen egunetara etortzen zen, eta isiltasun lodi batekin entzuten genizkion Leonard Cohenenak bezain eder, biolentoak ziren poemak. Erreferentziak zeuzkan, oharturik zegoen erritmoaren garrantziaz. Poema haiek unibertsalak ziren, ulerterrazak, normalak.

Normaltasun hori, erraiak inarrosten zizkiguna, horixe zen gehien miresten genuena. Eta joan dira ordutik zenbait negu luze, eta Goikoetxea (Gernika, 1974) poema liburu batekin dator, poema normalez egina, gaztaroko epikarik gabe apika, baina eguneroko bizitzako ekintza heroikoz betea: “Eta hara/ zentro komertzialeko/ arropa dendako/ probadorean/ gizon bat/ gortina ezdeus batek/ ozta estaltzen duen/ metro koadroan/ arropak probatzen”.

Ahapaldirik ahapaldi giza urtaroak badoaz eta badatoz. Haurtzaroa ageri da; baita amodioa ere; heriotzaren azken udaberria. Pozik egotekoa da bizirik egon eta Josu Goikoetxearen narotasuna dastatzea, bere begietatik ikustea zenbait trajedia gozo.

Poema itxuraz sinple hauen konplikazioaren fruitu ote da lilurabide hori?

Hemen ez da betetzen Koldo Izagirrek Balizko erroten erresuma-n zioen hura, alegia, ez garela gauza gezurra bezain eder esateko egia. Izan ere, zer da egia, zer gezurra? Giza existentzian, ez al dira biak edertzen? Engainu arrunt hori da liburuaren muina, bidaia den bezala helburuarena: “Itakara/ etorria/ hazia da/ huntz-orria// Ez laudoa/ ez loria/ galduz doa/ memoria”.

Josu Goikoetxearen munduan ilintia, koaderno paper bat, aitaren berokia… dena da arina eta era berean esanahiz kargatua. Dena da sakona eta artifizio bakoa. Dena gorena eta apala. Ez da erraza azaltzen, berben aukeraketarekin daukalako zerikusia. Eta barne-erritmoekin. Poeta gazteen egunetan inbidiaz entzuten genituen poema haiek direlako, hainbat negu eta gero, gugana itzuli.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak