kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Hitzen ahairea / Gotzon Barandiaran / Susa, 2018

Ez Dok/n aRmairu (eta hamaika aldarriren itauna) Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-10-15

Hitzen ahairea ondu digu Gotzon Barandiaran idazle larrabetzuarrak, molde pertinentez egin ere, egoki alafede. Berben ahairea izenburua ere egoki liteke, egoki ere Doinuen eleak. Hots, 50 urte joan dira euskaltzaleak euskara batua osatzen hasi zirenetik, eta liburua batuaren agerbide polita egin zait. “Hala behar, ezinbertzean”, pentsa lezake edonorrek, euskal kantagintza gure mintzaira batuaren berebiziko esponente baita.

Hitzen ahairea saioa egokia begitandu zait, lehenik eta behin: mende bateko euskal kantagintzaren labur-bilduma delako; bere laburrean ederto taxututa dagoelako, Barandiaranek euskal ahaireak —denak ezin ekarri arren— berba lauez apailatu dituelako. Bigarrenik: liburua aldarria izan ez eze, itaun sorta egiten digulako. Behin eta hasteko, izenburu beretik: Zeri kantatzen diogu euskaldunak?

Zeri kantatu diogu euskaldunak? itauna, iraganeko kontua da. Etorkizunari begira, saiogileak itaun franko paratu digu liburuan aurrera egin ahala: “Zeri kanta behar diogu?”. “Nork irakurri eta entzungo gaitu?”. “Idazleek eta kantariek zenbateraino lagun dezakete egoera iraultzen?”, bertzeak bertze.

Zeri kantatu diogu euskaldunak? Karlistadetan, 1936ko Gerraz Zibilean eta euren ondorenean Aberria-ri bereziki eta batez ere, baita bi mundu gerlen (1914. eta 1944. urteetakoak) ondorioz sorraraziko euskal aberriaren galerari kantatu ere. “Euskal kantak galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa”-ren adierazlea izan da. Alta, euskaldunon historian izan da salbuespenik. “Behin irabazi genuen”. Omen edota ei. Orreagan nonbait.

Oroimen historikoa lantzeko aroan gaude, gaztaka armatuaren osteko garaian berriz ere. Gerraz gerra, gatazkaz gatazka, anaia-arreben arteko herraren testigantza/testugintza da gure kantutegia. Ez horrenbeste agerian, ez bada kantaren beraien baitan, euren gibelean. Aberriaren amoreagatik, “Dana mon behar yako matte dan azkatasunari”. (Lauaxeta). “Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost zazpi? Zer egingo degu? Alkar hil?”. (Benito Lertxundi).

Galdetu Gabriel Arestiri. Galdetu Natxo de Feliperi. Galdetu Imanoli. Galdetu euren ondorengo hainbat taldeetako partaideri, hala nola Hertzainak taldekoei, edota anonimatuan geratu diren beste hainbesteri. Itaunak itaun, apika, horiek honela erantzun lezakete: “Ortodoxia uxatzeko kantatu nahi izan dugu”.

Euskal kantutegiaHitzen ahairea liburuak iradoki didanez— ez da heterodoxiaren eredua. Eta badira izan letra egile heterodoxoak, hala nola, Jon Mirande eta Txomin Peillen heretikoak, edota Koldo Izagirre, Itxaro Borda edota Joseba Sarrionandia… Bertzeak bertze, hauek ere. Baina, hara, nor da ortodoxoa? Nor heterodoxoa? Zeri buruz eta zerekiko? Xabier Amuriza letra egile ortodoxoa al da?: “Euskal Herrian euskaraz hitz egiten ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara”. (X. Amuriza).

Para ditzagun bi izen: Telesforo Monzon, ortodoxiaren pare, Jon Mirande heterodoxiaren agertzaile. Parada dezadan ortodoxiaren adibidetzat, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundar errepublikano baztertua: “Modu horretan baldin badabil / maltzurtzat bihotz-astuna / bide hortatik ez da etorko Euskadin Askatasuna”. (Joxe Mari Lopetegi; 1931 urtean paratua).

Aberria hizpide: “Aberria hautatu egiten da eta emakumea edo… bakardadeak edo besterik ezak ezartzen derauku”. “Zure gorputza da orain nire hiria, zeu zara orain nahi dudan aberria”. (J. Sarrionandia). Bego hor, interpretagarri. Euskal kantutegia ez da gure aberriaren ispilu soila, klase arazoaren miraila ere bada. Daniel Landarten letrak gogoan. Bat aipatzearren. Ez da bakarra. Barka nazatela, aberriaz landako jite askotariko testuak idatzi dituzten letra egileek. Izan badira, anitz izan ere.

Hitza da kantagintzaren zioa. Ahaire egokiak landu behar, kanta arrakastatsua izanen bada. Euskara da haatik ezinbesteko lanabesa. Ez dok amairu barik, hain segur, ez zen euskal kantagintza gauzatuko, edo ez molde berean behintzat. Jorge Oteiza izan zen (h)amairu kaltegarri edo galgarria hausten lagundu zuena. Oteiza baina, erdalduna zen. Barka nazatela Oteizaren jarraitzaileak, ortodoxoak nahiz heterodoxoak. Erran nahi baitut: euskal kantagintzaren jarraitzaileen parte handi-handia erdalduna izan da. Egiari zor, asko euskaldundu da kantagintzari esker. Baina, egiari zor ere, letra egileen hitzen eraginak handiagoa behar zuen, euskal kantutegia eraginkorragoa izan zedin. Literaturari egozten zaion gabezia, egozten diot gure kantutegiari. Irakurlerik eza. Euskararen inguruko auzia. Bidenabar hauxe errateko: Etxahun-Iruri koblakariaren “Tirano arrotzak ohiltzeko” beharrean, “Tirano arrotzak hiltzeko”, kantatu dugu sarritan.

Liburu honek hamaika itaun ez eze, hamaika hari fin jostari —bere bi adieratan— eta bertze hainbertze ertz zorrotz aztergai ditu. Berbarako, 60 urtealdiko kantagintzako emakume idazleen testuen arrakasta ezaren ondoren, Epilogoa-n “Ahaire delizus hauetan…” emandako hainbat kantaren berbak paratu ditu egileak, egoki paratu horiek ere. Dena den, kanten inguruko kontu bat, itauna hau ere: “Zergatik Xabier Amurizak idatzi dizkigu hainbat eta hainbat kanta arrakastatsuren letrak, eta Andoni Egañak, haren mailako beste bertsolari batek, bat bera ere?”. Zorionez, itaun guztiek ez dute erantzunik atoan. Kantuaren magiari ote dagokio alderdi hori? Itauna hori ere.

Heterodoxia/ortodoxia hartu dut hari nagusitzat. Baina badira ari eta hari anitz, badaude hitzak eta ahaireak usu eta sarri harilkatzea. Hona hemen nire azkeneko burutapena eta itauna: “Imajinatzeen duzue Gabriel Aresti heterodoxoak Francisco Franco jeneral faxistari harrera egiten Bilbon?”. 60 urte ostean, euskal kantagintzako letra egile eta euskal literaturako erreferenteetako bat den idazleak Espainiako Erresumako Felipe VI.ari —Estatu buruari— harrera egin dio Guggenheim Museoan.

Berbak hauek ez dute Kirmen Uriberekiko ezelako afronturik sortu gura. Besterik gabe, 1958ko urtealdia, ETA jaio zen garaia eta gaur egungo garaia zeharo ezberdinak direlako konstatazioa egin nahi dut: “Orduko kanten letra egilea (G. Aresti) eta egungo kanten letra egilea (K. Uribe) —euskal literaturako historian toki nabarmena hartu dutenak— heterodoxotzat ekarri daitezke biak ala biak?”. Garaiak aldatu dira, orduko eta egungo berba berak ez du gauza bera adierazten, alabaina.

Azkenik, Gotzon Barandiaranen Hitzen ahairea, gure memoria historiko gisara hartu dut. Saio honen ostean, zer eta ahaire berri baterako letrak otu zaizkit atoan. Kantari berriren batek onduko duelakoan:

Ez dok/n aRmairu

Ez dok amairu sortu zen
baita sorginkeria uxatu ere.
Hautsi ei zen malefizioa,
bide berriak urratuz behinik behin.
Haatik, aroz aro, tamalez,
begizkoek iraun dute.

ETArenak egin ostean
jagoitik ez dok/n aRmairu.
Armairuak ez dira behialako
armen gordegailu.
Berbairuak
behar ditugu,
ahaire berriak halaber!

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak