kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Aramotz / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2018

Hirukotea baino askoz gehiago Aiora Sampedro / Berria, 2018-10-14

Iñaki Irasizabalen lanarekin topo egitean, azalean bertan aurkituko ditu irakurleak lanaren bi ildo nagusiak: krimena eta kokaleku kuttun batekiko harreman berezia. Saioa da thriller honetako protagonista, gaztetako trauma bat gainditu ezinik bizi den neska. Bilbon hasten da istorioa, Saioaren gaztarora eta amarekin duen harreman intimora joz; eta orainaldian amaitzen da, Aramotz mendilerroko paraje ezkutuetan, askorik ezagutzen ez ditugun Saioaren bi bidelagun berriekin. Argitasunetik iluntasunerako bidea egingo du tramak, harreman gardenak dituzten pertsonaietatik gibel-asmoak ezkutatzen dituztenak azaleratu arte.

Istorioa bi planotan bereizten da: batetik, Saioari gaztetan trauma sorraraziko dion esperientziaren kontaketa dugu; eta, bestetik, traumaren ondorioz eragindako egoera makabroa. Lau kapitulutan banatutako kontakizunari osotasuna ematen diote kapitulu hasieretan txertatuta ageri diren krimenaren inguruko etorkizuneko elkarrizketa batzuek.

Prosa soila darabil Irasizabalek gertakarien berri ematean, tarteka beste idazle batzuen eraginak agerian utziz (aipamen esplizituak egiten dizkio Hemingwayri, besteak beste). Idazleak liburuko pasarteren batean dioen bezala, adjektiborik gabeko esaldiak baliatzen ditu narrazioan, apaindurarik gabeko girotzea bilatzen du horrela. Hala ere, gehiegizko soiltasunak pertsonaien jokaerak ere sinpleak izatea eragin dezake, eta zenbaitetan, sumatu badaitezke ere, zenbait gertakari ez dira guztiz ulertzen, horien ingurukoak deszifratzeko pertsonaien psikologiari buruzko jarraibiderik eman ez delako; hau da, zenbait kontu zintzilik geratzen diren sentsazioa izan dut.

Bestalde, generoaren konbentzioak baliatzen ditu kontaketan zehar suspensea mantentzeko: etengabe arrisku batek pertsonaiak mehatxatzen dituen sentsazioa… Hori lortzeko, hiru planoak elkarren artean nahasten dira, gertatuko denaren inguruko iragarpenak egiten dira edo pertsonaien jokabidearen inguruko zertzelada arinak ematen dira. Tentsioa mantentzen ondo asmatzen du idazleak.

Ez da sorpresa traizioaren gaia literarioki emankorra dela; eta, Irasizabalen lan honetan, bide horretatik jotzen da thrillerra osatzeko; istorioaren amaieran garden eta onberak diruditen pertsonaien arteko harremanek uste baino korapilo gehiago ezkutatzen dutela antzemango du irakurleak. Iruditu zait, ordea, tramaren bihurkatze hori nahiko zuzendua dela aurretik emandako iragarpenekin, eta ez duela guztiz funtzionatzen irakurlea astindu beharko lukeen unean.

Lantzen den beste gai bat norbere buruarekiko konfiantzaren garrantzia da. Fight club haren kutsua duen askapena lortuko du amaieran protagonistak, Aramotzeko mendilerroko inguru berezian sortutako gorrotoaren indarrak gidatuko baitu Saioa trauma gainditzeko bidean.

Orokorrean, generoaren ildoko nobela da, tentsioan mantentzen du irakurlea bukaerara arte, baina, girotzearen sinpletasunaren kariaz, amaiera aurrez ikus daiteke.

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak