kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Mendi-joak / Aingeru Epaltza / Elkar, 2017

Mendiko giza paisaiak Ibon Egaña / Deia, 2018-06-09

Nekeza irudi lezake mendizaletasuna ardatz eta lokarri duten 10 ipuinez osatutako bilduma batek mundu horrekiko interes handirik ez duen irakurlearengan arretarik edo jakin-minik sortzea. Aitor dezadan neuk ere errezelo horrekin ekin niola Aingeru Epaltzaren Mendi-joak irakurtzeari, eta aurrera dezadan, irakurri ahala urtu zaizkidala gaiari buruzko mesfidantzak, eta ez direla mendizaletasunaren ingurukoak izan liburuaren irakurketan sortu zaizkidan zalantzak.

Topiko-kutsua izan dezake, baina egia da Epaltzaren ipuinotan mendizaletasuna aitzakia dela, gai zabalagoez hitz egiteko. Mendiak, gertaleku gisa, espero ez bezalako aukerak ematen dituela jabetzen da bat narrazio hauetan barneratu ahala: biluztu egiten du pertsona, bere ingurune ohikotik atera, aurrez aurre jarri bere mamuekin, bere buruarekin. Heriotzarekin jartzen ditu parez pare inoiz idazleak pertsonaiak, beren gaztaroaren galerarekin buruz buru, giza gainbeheraren erretratu garratzak osatuz. Era berean, mendizaleen artean sortzen den jendartearen bertsio murriztu eta isolatuak ia antzoki batean bezala ikusarazten dizkigu gizon-emakumeak eta euren arteko harremanen alderdi makurrenak. Bikotekideen eta lagunen arteko jelosia, traizioa, lehiakortasuna edo inbidia ia usaindu egiten dira mendiko giro berezian, eta ausart sartzen du zauri horietan hatza Epaltzak.

Zabala da, izan ere, menditarra izanagatik ipuin hauen geografia (etxetik hurbileko muinoak, Pirinioak edo Kilimanjaro), eta aberatsa, era berean, narrazio hauetako giza paisaia. Badira, ordea, egileak bereago dituen gai eta pertsonaiak: adin ertaineko gizonak eta bikote-harreman heterosexualak. Zenbait obsesio errepikakor egiten diren arren (fideltasunaren auzia, demagun), maskulinitatearen eta bikote-harremanen erretratu ez oso konplazientea eskaintzen duten ipuinak egin zaizkit egiazko eta interesgarrien. Narratzailea bestea-ren ikuspegitik mintzo den ipuinek (emakume-ahotsetik, afrikar gaztearenetik) sinesgarritasun-arazo gehiago eragin dizkidate, haatik.

Kontatzaile petoa da Epaltza, eta ipuinotan ere narraziogintzaren teknikak trebe maneiatzen ditu: elipsiak, ikuspegi-aldaketak, bigarren pertsonako narratzaileak, sarritan azken kolpea ezkutatzen duten narrazio-amaierak. Iruindarraren estilo erabat partikularraren erakustaldia ere badakarte ipuinok: lexiko-hautapen zorrotza, sintaxi bihurritua, kolokialtasun barrokoa. Irakurleak sumatu egiten du idazlea gozatzen, esaldi bakoitza koska bat estuagotzean, erregistro propioak sortzean. Ordea, forman eta hizkuntzari emandako garrantzi horren eraginez-edo, zenbaitetan arkitektura ikusgarriko eraikin baten aurrean bezala geratu naiz ipuinon aurrean: eraikuntza-lana kanpotik miretsi bai, baina barrura sartu ezinik. Izan dira, nolanahi ere, distantzia hori apurtu, eraikinera sartu eta barrutik irakurle hau hunkitzeraino heldu diren ipuinak ere. Argazkia izeneko azken ipuin gogoangarria, besteren artean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak