kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gerra txikia / Lander Garro / Susa, 2014

Gerra txikia Roberto Moso / El Correo, 2018-06-05

Orain dela hogei bat urte horma askotan ageri zen lelo hau, “Errefuxiatuok Euskadin bizi nahi dugu”, erabat zaharkiturik geratu da oso tarte laburrean. “Errefuxiatu” hitza entzutean, burura datorkigun lehen irudia ez da Pirinioetatik gora bizi ziren iheslariena, eta, Euskadi hitzak ere, zeukan xarma guztia galdu du, gaur egun “Euskadiko Autonomia Erkidegoa” izendatzeko baita gehienbat. Izan ere “Euskadi Ta Askatasuna” izenarekin ezagutu dugun taldea Euskal Herriaz mintzo da, desagertzea iragarri duen agirian. Bitxia da gero, ni txikia nintzela eta Franco oraindik bizirik zegoela, “Euskal Erria” berbak zeuzkan elastiko bat neraman arazorik gabe, “Euskadi” guztiz debekaturik zegoen garai batean… Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Oro har, gure egunerokoan horren finkaturik ziruditen gertaerak hankaz gora geratzen ari dira, denboraren poderioz.

Adostutako “kontaketa” bat egiten alferrik saiatzen ari diren bitartean, literaturan eta fikzioan askotariko lekukotasunak ugaltzen ari dira.

Edurne Portelaren “Mejor la ausencia” eleberrian gertatzen den legez, Lander Garroren “Gerra Txikia” izenekoan, umeen begiez, ETAren eta haren inguruko pasadizoak kontatzen zaizkigu. Bietan aipatzen diren egoerek, askotan, orain dela mende batekoak dirudite, nahiz oraindik horren hurbil egon.

Bigarren hau, errefuxiatuen giroan murgiltzen da laurogeiko hamarkadan. Berriki “La pequeña guerra” izenburuarekin, itzulita, argitaratu da lana.

Egun batetik bestera, Xabier, Errenterian bizi den ume lotsati eta irudimentsua, mugaz bestaldera bizitzera doa bere familiarekin, halabeharrez. Bere ume-begi xaloekin Hendaian aurkituko dituen kontraste guztiak deskribatzen ditu: Hendaiako bake giroan dagoen gerra ezkutua; aitaren eta anaiaren arteko iskanbilak, bigarren hau “punk” mugimenduaren ikurrak onesten ari den neurrian; euskaldun eta frantses sentitzen diren komunitateen muga xumeak…

Baina historia honek girotzen duen gerra txiki horretaz gain, -txikia, lehenengo mundu gerrarekin alderatuz, Iparraldean monolito askotan “gerra handia” izendatua- eleberria erakargarria da oso, beste hainbat ikuspuntutatik. Garrok asmatutako txikiaren begietatik -bere buruarekin zerikusi handia omen duena, elkarrizketaren batean aitortu duenez- haurtzaroan harremanen mundua nola ehuntzen den erakusten digu. Etxean, kalean eta eskolan ikasten diren balioak ez datoz beti bat, eta maite duzuna, batzuetan, gustuko ez dituzun portaeren gainetik dago, leialtasuna ezinbesteko bihurtzen den adin horretan.

Historian, bestalde, laurogeiko hamarkadaren isla ederra ematen zaigu. Atal batean protagonista bere lehenengo rock kontzertura doa. Anaiarekin auto-stop egiten du, eta hara non Zarama taldearen furgonetak hartuko dituen. Barruan punkyen “benetakotasunaren” inguruko eztabaida sortuko da, garai hartan horrenbestetan izaten genuenaren erakusgarri egokia.

Benetakotasuna, noblezia, fideltasuna, laguntasuna, maitasuna, elkartasuna… modaz pasatzen ez diren hitzak. Hitz potoloak, handien ahotan, baina ez beti euren eginetan.

Nonbait irakurri nuenez, seme-alaba guztiok maite ditugu gurasoak, gero epaitu egiten ditugu eta batzuetan -batzuetan bakarrik- absolbitzen ditugu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak