kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Neska bat leku inposiblean / Xabier Amuriza / Elkar, 2018

Eguzki berdeak eta leku inposibleak Joannes Jauregi / Berria, 2018-05-20

Xabier Amurizaren azken nobela honek baditu, leitzeari ekin aurretik ere, oso deigarriak diren zenbait berezitasun, zeinek, nire ustean, ezinbestean baldintzatzen duten nobelaren irakurketa. Izenburua bera dugu berezitasun horietako bat, non egileak, itxura batean behintzat, nobelaren argumentua bera ematen digun. Ezin esan trakeskeria denik per se —are, tituluarekin joko interesgarririk egiteko aukera eman dezake, Emakume abeslari burusoila-n bezala, adibidez—, baina ezin saihestuzko zapore gazi-gozo bat uzten du ahoan.

Bestalde, egileak amu zorrotza botatzen dio irakurleari esaten duenean nobela gertaera autobiografiko batean oinarritutako fikziozko lan bat dela, zeren horrekin berehala hasten baikara, oharkabean bada ere, errealitatearen eta fikzioaren arteko langaren bila —baldin eta halakorik badago—. Hain zuzen, 1970ean Zamorako apaiz kartzelan zeuden presoen —tartean Amuriza bera— ihesaldi saiakera kontatzen digu. Haiei laguntzeko, fikziozko elementu gisa, nobelan neska bat azaltzen da leku inposible horretan; egileak berak esana da kronika hutsetik haragoko elementu fantastiko horrek garaipen bilakatzen duela benetan gertaturiko porrota. Hori jakinda, irakurtzen hasi ere egin gabe, egileak dikotomia joko eztabaidagarri bezain interesgarri bat eman digu jada: batetik, fikzioa-fantasia-garaipena; bestetik, kronika-errealitatea-porrota.

Nobela irakurrita, arestiko susmo batzuk berretsi egiten dira, eta beste esperantza batzuk, berriz, zapuztu. Izenburuari dagokionez, egileak nobelaren argumentua ematen digu, bai, baina harago doa: izenburuak kontatzen diguna bera da argumentuaren giltzarria, nobelaren 300 orriei eusten dien gontza. Hortik harago, gertaera segida bat dugu, baina, narratiba bat taxutzen duen argumenturik, nekez. Pertsonaiek ere, ugariak izanagatik, apenas duten sakontasunik, nahiz eta nobelaren zatirik handienean bi narratzaileren ahotsak tartekatzen diren, aski era zalantzazkoan tartekatu ere. Oro har, nobela hau adibide peto-petoa dugu ikusteko ezen gertaera multzo batek, bere horretan, ez duela bulkada narratiboa duen argumenturik eraikitzen, eta izen-dantza soil batek ere ez duela zertan pertsonaiarik sortu. Ezin esan daiteke, baina, nobela bertuterik gabea denik; esate baterako, argiaren irudiak garrantzi handia du, eta dotore dago erabilia, bai Nezu pertsonaian, bai gauero apaizei loa urduritzen dien bonbillan ere, besteak beste.

Uste dut argumentuan eta pertsonaietan dauden gabeziak orokorragoa den beste zerbaiten ondorio direla. Irudipena dut, kronika hutsetik aldentze aldera elementu fantastiko hori txertatzearekin bat, arreta gutxiago eman zaiola eraikitako fikzioaren egiantzekotasunari, eta horri eustea ezinbestekoa da, halako nobela batean behintzat. Tolkienek berak, zeina literatura fantastikoaren aitatzat jotzen den egun, oso kontuz azaltzen zuen ezen, bere lanetako fantasiazko elementuak —dragoi, eraztun magiko eta mundu fantastikoak— gorabehera, ezinbestekoa zela beti egiantzekotasunari eustea. Azaltzen du kontua ez dela, esate baterako, eguzki berde bat irudikatzea, baizik eta irudikatzea mundu bat non eguzki berde batek zentzua izango lukeen. Esango nuke neskak, eguzki berde horrek, huts egiten duela, ez zaiolako behar bezala lotzen nobelaren fikzio inposibleari.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak