kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Tundra / Igor Estankona / Susa, 2002

Hitzen dimentsioa Oier Guillan / Gara, 2003-03-15

Poesiaren irakurle sutsuak gozatzen ahal du liburu honekin. Igor Estankonaren “Anemometroa” aurreko liburuarekin ere gozatzen ahal zuen, sintaxiaren lurralde urrunetan galdu gabe irudi arras eder eta gertuak sortzeko gaitasuna baitzuten liburu hartako poemek. Nerorrek liburu hori utzi diot lagun bati baino gehiagori poesiarekiko zubi gisa edo generoaren koordenadetan kokatzen hasteko abiapuntu gisa, poesiaren izaerari uko egin gabe irakurlearekin harremanetan jartzeko duen gaitasunagatik. “Tundra” liburuan Estankona topatu dut berriz, bera da, zalantza izpirik gabe, baina neurri batean ezberdin. Hitzetan eta haien barrunbeetan sakontzen topatu dut Igor Estankonaren urrats berria.

Hitzen dimentsioak. Hitz horiek etorri zaizkit burura behin eta berriz liburua irakurri ahala. Hitz arras ezagunen erraietan irudi biziez murgiltzen den poesia iruditu zait bertakoa: zoriontasuna, demokrazia, justizia, erlijioa, galderak, maitasuna, memoria, zoramena, heriotza… tankera horretako hitz eta kontzeptuak jarraiak izanen dira, nabarmenegiak izatera iritsi gabe. Aipatu hitzak laku geldo batean jauzitako harriak balira, uretan hondoratu orduko harriaren bila joaten diren poesiak lirateke hauek, ur azalean sortutako uhinak alboratuta. Irakurleari, ordea, zaila egiten ahal zaio kanpotik ur azpian gertatzen denari argiro erreparatzea. Pentsa nezake hari horretan gogoeta eta sakontze saio nabarmena egin duela autoreak. Pentsa nezake maisuki darabiltzala idazterakoan eskura dituen tresnak. Pentsa nezake, irudi ederrekin batera, hitzen dimentsioetan sakontzeko aukera ematen diola irakurleari. Pentsa nezake, halaber, pena dela gogoeta horien ondorioak irakurlearentzat neurri batean urrun gelditzea. Pentsatu nezake hori guztia, bai, baina zalantza suertatzen zait.
Izan ere, olerkiok gauza asko transmititzen dute, eta neronek ere ez dut gauzak errazegi jartzerik nahi. Sentsazioak jasotzeko gonbita argia da, irakurle bakoitzaren esku dago autoreak gogoetaren bidean irekitzen dituen ateak nahikoak ote zaizkion neurtzea. Irudi ederrak aipatu ditut. Hitzen dimentsioak aipatu ditut. Liburu hau poesiaren irakurle sutsuak gozatzen ahal duela aipatu dut. Eta ez da gutxi. Modu garratzean batzuetan, sentsualean besteetan, modu ederrean edonola ere, ondo eraikitako olerkiak topatzen ahal dira bertan; errepikapena bezalako elementuak sarri agertu arren, zorrotz erabiltzen ditu autoreak. Zenbait testutan, itxuraz une eta keinu xumeak direnen, abiapuntua somatzen ahal da, “Anemometroa”ko moldeetara gerturatzen ahal diren testuak dira hauek, bereziki narratiboagoak diren zenbait poema. Gogoetarako grina ez da beti bizitzako geldiunerik latzenetan ezkutatzen, sarritan itxuraz sinpleenetan baizik.

Liburua irakurri ahala, beste parekotasun bat ere etorri zitzaidan burura: sentsazioen ispilua argia itzalirik. Irakurlea identifikatua sentitzen ahal da sentsazioekin, bere egin ditzake islatuta sentituz. Baina guztia hor, ispiluan dagoen arren, ez da erraza atzematea. Olerkiokin gozatzerik badago, irakurlearen esku gelditzen da ispiluan argia itzalirik murgiltzeko erronka interesgarria. Bego amaitzeko, liburuan zehar azpimarratu ditudan esaldi ugarietatik lagin bat: “Zerurik gabe hegazkinean zatozen hori,/ mirets dezagun errealitatea/ benetan zer den jakin arte”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak