kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Neska bat leku inposiblean / Xabier Amuriza / Elkar, 2018

Posible ala sinesgarri? Estibalitz Ezkerra / Gara, 2018-04-21

Diktadura garaian, 1960ko hamarkada amaieran zehazki, Gogor izeneko apaiz mugimenduak ia hilabeteko itxialdia egin zuen Derioko seminarioan. Protestan aritu ziren Bizkaiko 70 apaizen artean zegoen Xabier Amuriza. Berak egun haietan jazotakoaren berri eman zuen “4×4” nobelan (2013); bizipen pertsonalak Euskal Herriko historiarekin uztartzea xede duen “Joan ziren” zikloaren barruan laugarren liburukia zen hura. Derioko seminarioan protestan aritutakoak, Amuriza bera barne, atxilotu egin zituzten, epaitu eta zigor luzeak ezarri zizkien epaimahai militar batek, eta Zamorako espetxera bidali zituzten zigorrak betetzera. Vatikanoak eta Francoren erregimenak sinaturiko hitzarmenaren arabera preso hartutako apaizak hara eraman zituzten. Hasiera batean arrazoi politikoengatik preso harturiko Euskal Herriko apaizak eta fraideak bidali zituzten Zamorara, baina denborarekin kontu politiko zein sozialengatik atxiloturiko Espainiako apaiz eta fraideek ere han bukatu zuten.

Zamorako kartzelan zirela, ihes egitea erabaki zuten Euskal Herriko apaizek zein beste batzuek, urte eta erdiko epean 17 metro luze zituen tunela zulatuta. Egitasmoak, ordea, porrot egin zuen. Ihes plan horretan oinarritzen da, hain zuzen, Amurizaren azken lana, “Neska bat leku inposiblean”.

Liburuaren aurkezpenean Amurizak berak azaldu zuen ez zuela Zamorako kartzelan jazotakoaren gaineko kronika idatzi nahi; benetako gertaera batetik abiaturiko literatur lana osatzea zuen xede, non errealitateko elementuek fikziozkoek bezainbesteko pisu izango zuten.

Gaia berez interesgarria da oso, memoria historikoari begira batik bat, eta gertakarien lekuko ez ezik partaide ere izan izanak abantailazko egoeran jartzen du Amuriza gaiaren ezagutzari begira. Etekina ere atera egiten dio egoera horri, orain arte argitu edo aipatu gabeko xehetasunak azaltzen baititu nobelak.

Subjektutik gertuegi egoteak desabantailak ere baditu, ordea, xehetasun txikienarekiko gehiegizko mirak —istorioa baino gehiago historia behar bezala azaldu nahiak— egilea gaiaren literaturtasuna zein irakurlea bera ahanztera eraman baitezake. Hala gertatzen da “Neska bat leku inposiblean”en. Egileak adierazitakoaren kontra, kronika nobelari gailentzen zaio pasarte askotan eta erabiltzen dituen artefaktu literarioek ez dute inpresio hori leuntzerik lortzen.

Aipatu artefaktuen artean dago egileak “errealismo magikoarekin” parekatu duen eta Sarrionandiaren Martuteneko espetxeko ihesa gogora dakarren pasadizoa. Kasu honetan, ordea, bafle batean sartuta kartzelatik ihes egin baino gehiago bertan geratzea lortzen du Nezu izeneko emakume gazteak. Apaizei tunela zulatzen laguntzeko asmoz doa kartzelara, eta helburu hori betetzeko zaindariak ez ezik apaizak beraiek engainatzen ditu.

Izan ere, gizonez mozorrotuta azaltzen da espetxean eta apaiz presoei frankismoaren kontra jo eta ke ibilitako apaiz ekintzaile ezaguna dela sinetsaraziko die. Nobelako izenburuak adierazten duen bezala, gizonen eta, zehatzago esanda, gizonezko apaizen presondegi bat bezalako leku inposiblean emakume batek hilabeteak igarotzeak zaindariek ezer antzeman gabe gertatzen zaila eman dezake. Gertatzen zaila bai, baina nobelak magikotasun handirik gabe azaltzen duen bezala ezinezkoa ere ez da, sinesgarritasunari begira. Zailagoa da, ordea, emakumearen agerpena nola gertatzen den negoziatzea, eta horretan errealismo magikoaren definizio malguenak ere ez du laguntzen. Ildo berean, ikuspuntu literario batetik, pasarte bakoitzaren hasieran “Simut naiz” edo “Nezu naiz” formula erabiltzea ez da oso eraginkorra. Irakurlea zeinen ikuspuntua den azaltzeko gai ez bada eta idazlea bera horren jakitun bada, zerbait gaizki dagoen seinale.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak