kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bihotz handiegia / Eider Rodriguez / Susa, 2017

Ongizatearen arrakalak Hasier Rekondo / Deia, 2018-04-07

Eider Rodriguezek (Orereta, 1977) beti arakatu du, talentuaz gainezka gehienetan, “ustezko” ongizatearen gizarteak sortu arrakaletan. Oraingo honetan ere, sei narrazioz osatutako Bihotz handiegia (Susa, 2017) azken liburuan gure gizarteak ehundu harreman hertsietan gertatu ohi diren desoreka existentzialez, emozionalez eta materialez dihardu. Haren produkzio literarioa oso oparoa izan ez arren, bi urte behar izan baititu liburu honetarako kasu, ttanttaka edan ohi den talentua gozagarriagoa izan ohi da. Betiere xede zehatz batekin: jasaten dugun errealitatearen pisuaz askatzea, gizarte gisa ditugun kontraesanen gainean material literario malgua ekoiztuz. Nolabaiteko klase-ertain bat du hizpide gehienetan; heriotza iritsi artean bizitzan “zerbait” lortu duten arren, existentziaren joan-etorriei eutsi ezinik dabiltzan pertsonaiak.

Gure kontraesan moralez, filosofikoez eta bizirauteko beharrak eraiki ondoezaz tentuz eta handinahirik gabe narratzeko gai dela erakusteaz gain, haren literaturak badu gorentasun eta gardentasun literariorik, arras baztertua izan den narrazio laburren generoa neurriz jorratuz oraingo honetan. Egilearen estiloaren nondik norakoaz esan dezakegun gauzarik xaloena zera da: elipsiaren eta linealtasun ezaren erabilera neurtua etxeko marka dira. Rodriguezek berebiziko garrantzia eman ohi dio narratzailearen ikuspuntu zehatzena eta batzuetan ustekabeena lantzeari. Narraziootan egileak berak asmatutako “multi-errealitatea” jorratu du, errealitatearen geruza ezberdinez eraiki errealitate literario anitza.

Euskal literaturaren azken belaunaldiek Eider Rodriguezek jorratu ohi dituen antzeko gaiak jorratu dituzte baina inork gutxik du haren fintasuna eta literatur jakituria. Asko eta ondo irakurritakoa, eta editore lanetan urteak emana dela argiro nabarmentzen da. Ageriko planoa desenfokatzen duten argazkiek egin legez, besteok ikusi ezin ditugun errealitatearen geruza ikusezinez ohartarazten digu mugaz bestaldean bizi den Oreretakoak. “Iñakiren leialtasun muturreko hark zoratu egingo zuen Ixabel. Baina zer espero zitekeen okindegitik etxerako bidean ogiari muturra inoiz kendu gabeko gizon batengandik”, narrazio-liburuari izenburu ematen dion narratzailearen ahotan.

Rodriguezek badu errealitatea bere horretan emateko gardentasunik ere, gehienetan familia harremanek bilbatutako borroka isil eta gotortuen bidez eman ere. Ama eta alabaren arteko elkarrizketak arras iradokitzaileak izan ohi dira. Baina narratzailearen begia nagusituko da, beti. “—Eta Nobel sariaren itzulpena? —Ez da Nobel saria, azken urteotako hautagaietako bat baizik. —Zenbat ordainduko dizute? —Plazeragatik egiten dut, zenbat aldiz esan behar dizut? Bestea nahiko txukun ordaintzen dute. —Funtzionario sartu behar zenuke. Opor onak eta soldata hobea, Eneritz bezala. Eta etxea garbituko dizuen norbait hartu, astean behin, buhame amets horiek baztertu, ikusten duzue ez direla bideragarriak”. Liburu honekin, gure idazle kanonikoen arrakalen artean kokatu du bere talentua Eider Rodriguezek.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak