kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Errautsera arteko sugarra / Imanol Zurutuza / Elkar, 2002

Gauaren muturrerainoko bidaia Ibon Egaña / Egunero, 2003-03-08

Ez dakit liburuaren idazketaren zergatiek, motibazioek idazlearen biografiak eta, oro har, zirkunstantzialak diren elementu estraliterarioek eraginik izan beharko luketen literatur lan baten irakurketan; ziurrenik, ezetz erantzungo genuke hotzean, baina, egia aitortzera, liburu honetan bezala, bizitzaren eta literaturaren arteko banaketa hain lausoa denean, literatura erraietatik ateratzen den zerbait denean, benetan bihurtzen da zail hartaz arrazoizko ezer esatea, akademizismo itxuraz lanak taxonomiaren kutxetara eta epai murriztaileetara ekartzea.

Honezkero ezaguna denez, Imanol Zurutuza idazleari minbiziak eraman dio emaztea eta horixe du kontagai liburu honetan. Heriotza eta bizitza, beraz, liburuaren gai nagusiak, baina ia literatura guztia da bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta bat eta horregatik zeharkatzen du behin eta berriz eta obsesiboki liburua originaltasunaren inguruko kezka batek: “Dena baitago dagoeneko idatzia, zertarako idatzi orduan?”. Eta erantzuna, hitz batean bildua: “Premia”. Esateko premiak, nork bere hitzez munduari zentzua eman nahiak arrazoitzen du liburu hau; heriotza bat, askoren artean beste bat den arren, nozitzen eta ezagutzen duenarentzat estatistika izateari utzi eta bakarra bihurtzen delako.

Katarsi nahi edo behar batetik sortutako liburua da hau, eta heriotza eramangarriago egitea xede duen katarsi saio horretan, erraza zukeen idazleak irakurlea sentimentalismoz betetako liburu limurtzaile batez hunkitzea, baina ihes egin dio bide horri. Antzematen da apropos egindako distantziamendu bat, hirugarren pertsona eta “alarguna” eta “gaixoa” izen generikoak erabiltzean, kasu. Dena dela, nire iritzi xumean, distantzia hartze horren kontra jokatzen dute liburuak aurrera egin ahala ugalduz doazen metafikziozko erreferentzia ugariek, idazketa ekintzaren gaineko hausnarketek, liburuaren norabideaz egindako oharrek; nahasgarri gertatzen dira, neurri batean.

Lehen mailako narrazio nagusiaren ondoan, beste hamaika istorio, hamaika aipu, gogoeta eta literatur erreferentzia bildu ditu Zurutuzak, liburua aberastu eta hari saiakera kutsua emanez. Atalez, adabakiz osatutako itxurazko anabasa honen egituraketan, berebiziko garrantzia hartzen du Londresa hegazkinez doan emakumearen istorioak. Itxura batean bigarren mailakoa den narrazio horrek paper egituratzailea jokatzen du liburuan, bizitzaren amaierarako bidaia baten metafora nabarra onduz, nobelari erritmoa eta bizitasuna emateaz batera. Liburuaren egituraketa eta antolamenduak, idazlearen kontatzeko modu berezkoak lortzen dute, besteak beste, liburua berezi egitea eta “beste bat” izatetik libratzea.

Oroimen ariketa bat da, finean, Zurutuzaren lana, amnesiaren aurkako borroka bat, heriotzaren kontrakoa. Horretan dakarkigu gogora Zurutuzak Saizarbitoriaren Hamaika pauso nobela. Donostiarraren nobelan bezala, Errautsera arteko sugarra-n ere denboran aurrera eta atzera dabil idazlea, oroimenaren mende, ordena kronologikorik gabe, oroitzeko beharrak eraginda. Hemen, Hamaika pauso-n bezala, irakurriko dugu behin eta berriro errepikatzen den pasarterik, liburua obsesiboki zeharkatzen duen aipurik (Nerudarena, kasu).

Istorio hunkigarri eta unibertsal bat ahots propioz, molde berri eta berritzailez ematen asmatu du Zurutuzak, eta horregatik iruditzen zait liburu hau iazko uztatik berreskuratu beharreko bitxia.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak