kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Poesia kaiera / Rosalia de Castro (Koldo Izagirre) / Susa, 2017

Na propia sangre a dura pluma Igor Estankona / Deia, 2018-02-10

Chuya Nakahara (Hiromi Yoshidak itzulia), Seamus Heaney (Xabi Borda), Rosalia da Castro… ezin interesgarriago, ezin atsegingarriago datoz Susako Munduko Poesia Kaieren azken loraldiko hiru liburukiak. Koldo izagirrek hautatu eta itzulitako Rosalia de Castrorenean egin dut nik geldialdia: “Inork ez dizu eskua gozo/ altxa zaitezen eskaintzen,/ negarrez ari zarenean/ malkoak ez inork xukatzen/ Galizia, ez duzu aberririk/ bakarrik zara ludian/ urrun doazkizu alderrai/ seme-alaba guztiak”. Izagirrek, gainera, meritu handiko itzulpena egin du, errima gordez poema errimatuetan, galdu barik freskotasunik, galdu barik indarrik.

Rosalia de Castro (Compostelako Donejakue, 1837 – Padron, 1885) galiziar letra modernoen aitzindari eta are kontzientzia galegoaren aitzindari izan zen. Rexurdimento edo Pizkundearen bultzatzaile nagusietako, Cantares gallegos (1863) poema liburuarekin hanka eta erdi erromantizismoan jarrita kantatu zion maitasunari, aberriaren galerari, naturari. Follas novas (1880) lanari buruz, ostera, Beñat Sarasolak hitzaurrean zera dio, presentzia bereziki nabarmena duela emigrazioaren arazoak eta kultura galaiko-portugaldarraren saudade hitzarekin ezaguna den melankolia sentimendu moduko hori adierazten dutela poema horiek nolabait.

Galegoz idaztea atzera egitea zela uste zen garaian aurrera egin zuen emakumea izan zen Rosalia de Castro. Hizkuntzaren idatzizko tradizioa berreskuratu eta eguneratu zuen eta Cantares Galegos harekin idatzi zuen bere lumaz herriak idatzi ezin izan zuena urte luzez, lotsa handi baten ostean. Eta Follas novas-en ezagun da galtzaileen eta noizbait altxatuko direnen aldeko ahots bat, ahulen aldeko txera bat: “Haur bat dardaraz arkupe hezean…/ hotzak eta goseak/ Aingeru kutsua dauka bere aurpegiak/ ederra oraindik, baina zimel eta argibakoa”. Idazlearen galegismoa da auzi unibertsaletarako atea: “Baina, zergatik batzuek hainbeste sufritu behar/ bestetzuek bizia bigunkerian emoten dutela?”. Follas novasen, gainera, ez da hain nabarmena erlijio probidentzialista eta modutsuaren arrastoa. Lehen galegozko liburua izan bazen hazia, Follas novas-en loratu egingo da, eta idazleak parte hartuko auzietan.

Rosalia de Castrok aditzen zien estigmagatik sufritutakoei. Ama ezkongabearen eta abade baten alaba, pentsa, arteztasunaren apostoluek laidoztatua eta emakume aitzindaria, bere bekatu handiena izan zen nekez barkatzen zen bat: Edgar Allan Poe irakurtzea, George Sand mirestea, idazle ofizioa gorestea egunero eta profesionala izatea. Horregatik matxismoak bere mekanismoak jarri zituen martxan, eta zabaldu zen Rosalia de Castro barik bere senarra zela poesia idazten zuena bere izenean. Bizi izan zen artean ez zitzaion aitortu, noski, bere neurria. Baina makurtu ere ez zen egin, idazten jarraitu zuen.

Sentimendua gidari. Ez da esapide bat bakarrik. Rosalia de Castrok sentimendua du gidari. Poesiaren teknikak, efektuaren bilaketak, perfekzioak… horrek guztiak ez zeukan zentzurik berarentzat ez bazen mezua justiziazkoa, irain kitatze bat. Eta asmo horretan poetarentzat dena zen bat: langilea eta emigratua, emakumea eta udazkena, norbere lekua eta mundua: “Gure herri on honetako/ gaztainondoaren abaro gustagarrian/ bizia eztitzen duten/ hariztegi hostotsu haien azpian”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak