kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gerezi denbora / Inazio Mujika Iraola / Alberdania, 1999

Gerraren kontaketa gazi-gozoa Amaia Serrano Mariezkurrena / Argia, 2018-02-04

Errealitateak maiz fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Eta halakoetan fikzio bidez errealitatea kontatu eta sinesgarri bihurtzea ez da lan erraza. Nobela honetan gerra garaiko istorio bitxi bat kontatzen zaigu, sinestezina irudi lezakeena, baina benetako gertaera bat oinarri duena. Valladolideko artzapezpikuaren bahiketa eta ihesa da, hain zuzen, kontagai. Alabaina, gertakizun hura fikzio bihurtzeko hautatu den tonuak egiten du liburua berezi: tragediaren eta komediaren arteko narrazio groteskoa dirudi.

Komikotasunetik dramararainoko bidea egiten du, hasierako egoera irrigarriak desegin eta gerraren krudeltasuna agerian utziz.

Idatzi-moldearen umore kutsua hiru baliabideren bitartez lortzen da. Batetik, zenbait pertsonaiaren ibilbide ideologikoa karikaturizatuz. Bestetik, anarkismoaren mugimenduan dabiltzan pertsonaia batzuen inkoherentziak nabarmenduz. Azkenik, gertaera batzuk muturrera eramanez. Horrez gain, pertsonaia historikoak narrazio komikoarekin nahasteak harridura, zirrara, irribarrea nahiz larritasuna sor dezake irakurlearengan, batez ere egoerak absurdoraino iristen direnean.

Bestalde, testuinguru gatazkatsu horretan Karmen pertsonaia da nabarmentzen denetako bat, eta haren ibilerek bihurtzen dute 1936ko Gerrari buruzko eleberrigintzako emakumezko ekintzaile bakanetarikoa. Hura da, hain zuzen, istorioaren norabidea aldatzeko gaitasuna duena: alde batetik, anarkista zoroaren amaiera eragiten duelako, eta bestetik, ezohiko emakume-irudia emanez, liderrari tiroa eman eta gudariak burutzera ausartu ez direna egiten baitu. Haatik, emakumezko pertsonaiaren irudikapenak erakusten du bulkadetatik eta sentimenduetatik egiten duela gerra, ezen arrazoi ideologikoa amodio-mendeku batetik abiatzen dela iradokitzen baita.

Eleberri honetan ipuingintzan trebatua den idazlearen eskua nabari da, irudien plastikotasunean, pertsonaien alderdi psikologikoaren sakontasunik ezean, ekintzen ugaritasunean eta kapitulu amaieretako intrigan. Irakurleari hari-mutur batzuk lotzeko eskatzen zaio, eta, trukean, bera konplize bihurtzeko asmoa dago nobelaren bukaeran, Donostiako alkate nazionalak artzapezpikuari eskainitako adierazpen publikoak istorioa irakurri duenak soilik ulertuko duen esanahia hartzen baitu, alkatearen ezjakintasuna agerian utziz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak