kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Horma / Anjel Lertxundi / Erein, 2017

Aise Joannes Jauregi / Berria, 2018-01-28

Anjel Lertxundiren azken nobela hau hitz bakarrean kabiarazi beharko bagenu —xaloegia bailitzateke hitz bakarrean laburtzen saiatzea—, nik aise hitza aukeratuko nuke; aise, ezen ez erraz. Errazkeriatik urrun dago Horma, baina, hala ere, irakurri ahala ezin saihestuzkoa da aise idatzia dagoelako sentipena. Atzean idazketa ezinago landu bat duen aisetasun bat dario nobela honi; are gehiago, kontuan izanda Lertxundik erabaki ausartak hartu dituela nobela osoan, batik bat kontaerari dagokionez. Ausardiak ausardia eta aldizkako gorabeherak gorabehera, eleberri landua dugu honako hau.

Narratzaile(ar)en banaketa dugu erabaki ausart horietako bat: izan ere, eztabaidagarria da nobelan bi narratzaile dauden, edo bakarra, zeinak bi ahots hartzen dituen. Nolanahi ere, bi ahots harilkatzen dira kontakizunean: bat Fidel protagonistarena, amari zuzentzen zaiona, eta Lertxundiren aurreko nobelako Zu hori gogorarazten diguna ezinbestean; bestea, hirugarren pertsonan diharduen kamera. Banaketa hori, eramangarria eta tarteka oharkabekoa izanagatik ere, primeran egokitzen zaio tramari, zu horrek etengabe ekartzen baitu amaren pertsonaia narraziora, guztia entzuten ariko balitz bezala.

Trama bera xumea da oso —ezen ez arrunta—, eta, batik bat lehen zatian, ia desagertu arte gandutzen zaigu, flashback, gogoeta eta aipuen artean, zeinek liburu osoa zipriztintzen baitute. Fidel itzultzailea dugu nobelako protagonista eta narratzaile, eta haurtzaroko oroitzapen eta galderei erantzuten saiatzen da narrazioan, bai eta bikote bizitzari aurre egiten ere. Hala, kontakizun osoan etengabeko hartu-emana dago iraganaren eta orainaren artean, oroitzapenen eta eguneroko bizitzaren artean; hain zuzen, bi horien arteko zubi lanetan ari da Fidel, horretan ere itzultzaile. Hala, itzulpengintzak eta itzulpengintzari buruzko gogoetek berebiziko garrantzia dute, baita itzulpenaren eta sorkuntzaren arteko tirabirek ere. Fidel tentsio horren haragitze bilakatzen da narrazioan zehar, eta hori, aldi berean, Martarekin duen harremanaren metafora bihurtzen da. Gogoetagai hutsez harago, ezin ederragoa da ikustea izulpengintzari eta literatur sorkuntzari buruzko gogoetak zeinen ongi egokitzen zaizkion tramari eta, oro har, istorio osoari.

Lehen zatian oroitzapen eta gogoeten lanbroa nagusi den bezala, bigarrenean argumentua gehiago gorpuzten da, Fidel eta Martaren harremanaren gorabeherek pisua hartzen duten heinean. Beharbada horregatik, uste dut hemen narrazioak sentimentalkeriara jotzen duela tarteka; elementu batzuek trataera xaloegia dutela iruditzen zait, eta, une bakan horietan, narrazioak behera egiten du. Nolanahi ere, nobelak zilegi du hori, eta bekatu handiagoei ere ederki eutsiko lieke.

Hirugarren zatiak kontakizunean utzitako ildo solteak josten ditu, eta, hertsiki tramaren gertakariei dagokienez behintzat, apenas dagoen gertakizun aipagarririk. Hala ere, Lertxundik nobelaren hari-mutur solteak josi ahala, orain arteko lanbroa ezarian hormatzen zaigu, kasik oharkabean, memoriaren gaiaren bueltan. Gaiari bete-betean heldu bainoago, fintasun handiz hurbiltzen gatzaizkio, istorioak ordura arte eman dizkigun hari-mutur guztietan barrena. Sotilki, baina ezinbestean. Eta, batez ere, aise.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak