« “Hain da ederra” | Isiltzeaz »
Espainiaren arimaz / Joxe Azurmendi / Elkar, 2006
Denboraren mugak gaindituz Xabier Mendiguren Elizegi / 111 aldizkaria, 2017-12-29
Azken berrogeita hamar urteko autore bakar baten obra salbatzeko aginduko balidate, holako hautuak beti arbitrarioak diren arren, Joxe Azurmendirena aukeratuko nuke nik, bere kalitate, interes, oihartzun eta iraunkortasunagatik; aldiz, obra zabal horretatik liburu bakarra salbatzea balitz nire eginkizuna, hor bai geratuko nintzatekeela noraezean, zein hautatu asmatu ezinik.
Lerrootara ekarri dudan lana ez da, beraz, egilearen inportanteena edo nire kuttuna, baina aspaldi honetan sarri etorri zait gogora, argitaratu zenetik hamar urte baino gehiago igaro diren arren. Espainiaren arimaz hau ez da, berez, saiakera solte bat, proiektu handiago baten adarra baino: Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua saio erraldoiarekin hasi zen, horren jarraipena izan zen Volksgeist-Herri gogoa, beste lan funtsezko bat, eta, azkenik, aurreko bien korolario gisa etorri zen aipagai dugun hau, trilogia monumentala burutzen duena (nahiz denboran berau argitaratu beste bien aurretik).
Zer aztertzen da bertan? Labur esanda, XIX. mende osoan eta XX.aren parte handi batean intelektual espainiarrek beren nazioaz, herriaz, arrazaz, aberriaz egindako gogoeta. Menendez Pidal, Menendez Pelayo, Ortega y Gasset, Baroja, Unamuno… autorez autore doa azterketa, xeheki, eta ezin hemen haren edukia laburtu. Funtsean, baina, ikusten da pentsalari kontserbadoreak oso eroso sentitzen direla beren tradizio inperialean (eta oso triste inperio horren gainbehera ikusita). Aldiz, ikuspuntu progresista bati eutsi nahi lioketen intelektualak kontraesanean jausten dira behin eta berriz, ustezko progresismo hori Espainiaren izateari, historiari eta esentziari darizkien autoritarismoarekin eta jauntxokeriarekin ezkondu nahi eta ezinean.
Orain ehun edo berrehun urteko testuak komentatzen ditu zegamarrak, baina, azken hilabeteotan Katalunia dela-eta plazaratzen ari diren iritziak ikusita, irudi luke ez dela denborarik igaro, atenporala bezain eternala dela Espainiaren izate metafisikoa.
Denborak Azurmendiri berari ere ez dio kalterik egiten, antza: Durangoko Azokan salmahaian egonda, adibidez, ikusi dut nola irakurle gazteek idazle gazteen lanak hobesten dituzten, beteranoek beteranoenak, eta oro har gizonek nahiz andreek beren sexu berekoen liburuak. Joxeren lanek, ordea, adinaren eta generoen mugak aise gainditzen dituzte.
Hala izan dadila beste urte askoan.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez