kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Elurra ikusi dut / Xabier Lete / Elkar, 2017

Elurra ikusi dut Felipe Juaristi / El Correo, 2017-12-30

Nik ere elurra ikusi dut, baina ez Bianditz mendiaren hegal-gailurretan, Izarraitzeko gainaldean baizik. Auzoan badago txoko bat aparta. Eseri zaitezke, edateko eskatu eta, eguna argia bada, Gipuzkoako mendi-tontor gehienak begiz jo ditzakezu, hegalez hegal ezinean, Lizardik maite zituen txoriek bezala. Elurraren zelatariak bere egonezinari ematen dio itxura, elurra buztina baino moldagarriagoa baita, eta iraungaitzagoa. Egun batetik bestera joan daiteke, mendian behera, errekara (gauza guztiak bezala, finean) eta handik itsasora. Elurrak ez du ihes egiten, ordea, ez baita gizaki. Elurraren zuria belztu daiteke, poza tristura bilakatu, eta aingerua deabru. Poeta bat, denik eta laudatuena bada ere, deskuidatuz gero, madarikatuen saldoan sartzen dute, ‘nihil obstat’ik gabe.

Nik ere irakurri dut Koldo Izagirrek Xabier Leteren bizkar egin duen antologia. Bizi osoa iraun dezakeen liburu baten aurrean gaudela iruditzen zait: ez da elurra bezala urtuko, ez du haize erauntsiak zakarki eramango, ez du suak kiskaliko, ez du itsasoak jipoituko. Elementuei aurre egiteko sortua da, ez fisikoki, espiritualki baizik; liburuak, izan ere, Leteren geografia morala marrazten baitu, eta, neurri handian, Koldo Izagirrerena ere bai. Epilogoa irakurtzea besterik ez dago.

Nik ere konprenitu nahi nuke Koldo Izagirreren arrazoia. Beharbada, aitortu nahi lukeen baino gordeagoa da eta, gordinagoa, seguru asko. Baina ez dago dena esaterik, ezta dena argitzerik ere. Dena garbi balego, zertarako interpretaria, esataria, egiaren bilatzailea, justizia-egilea? Dena garbi balego, zertarako garbitzailea?

Niri ere iritsi zitzaidan Xabier Leteren plagioaren albistea, gutxi baikara idazleok eta, gure komunitatean, joera handiagoa dago berri txarrak aipatzekoa, berri onak komunikatzekoa baino. Utikan albiste on eta menturazkoak! Utikan garaipen eta laudorioak, besteenak badira! Utikan ospe eta fama-nahia, gureak ez direnean, noski! Berriak ez ninduen poztu, Lete lagun gisa estimatzera iritsia bainintzen; baina ez nion garrantzi handirik eman, ez baitzen lehen aldia halakorik entzuten nuena. Lete ez zen beste egile batzuen izenak ere aipatu zizkidaten lehendik, baina garbitzaile ez naizenez, dauden oroimenaren bazterrean utziko ditut, bekatuaren orbana erabat kendu arte.

Nik ere galdetu nahi nuke Leteren bizitzan zer diren eta bere obran zer maila hartua duten Rilkeri eta Ribari (R & R) kopiatu zizkion poema horiek. Ez dut idatziko dena esanda dagoela, ez baita egia, eta ez naiz sartuko Leteren adimenean, egin zuena egiteko izan zuen bultzagarria ulertu nahian. Gure komunitate txiki eta batzuetan baketsu honetan kontu askoz larriagoak gertatu dira, baina ez dut ikusi (eta ez naiz itsu) Izagirreren testuan sumatzen dudan asaldura hori. Ulertzen dut sentsibilitate-kontuetan ez garela denok etxe batekoak; eta batzuentzat kilikagarri dena, beste batzuentzat hozgarri da, edo ozpin bestela. Baina elurra joandakoan lurra geratzen den bezala, iritziak aienatutakoan gertakariak geratzen dira, bakarrik askotan. Oroimena herdoilez betea duenari, egoki zaio hemerotekara joatea, eta hango korridoreetan barrena egurastea, ona baita buruko odola ere ibil dadin.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak