kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Honetara ezkero / Arantxa Iturbe / Susa, 2017

Isiltzeaz Javier Rojo / El Diario Vasco, 2017-12-30

Arantxa Iturbek enaztasun handia du gero kontakizunen abiapuntu izango diren egoerak asmatzeko. Badaki mundua ikusten, eta azalekoaren atzean dena begiratzen. Hori dela-eta, gai da hogeita hamarren bat narrazio biltzen dituen liburu bat idazteko, “Honetara ezkero” izenburuko honetan geratzen den bezala. Guztiak giza harremanetan oinarritzen dira, askotan familia barruan eraikitzen diren giza harremanetan. Hauetan nolabaiteko botere-lehia planteatzen da. Baina gaitzespenak norberaren baitarako gordetzen dira. Horixe da ipuin hauetan agertzen diren egoeretan nabarmentzen den ezaugarrietako bat. Denboraren igarotzeak giza harremanak poliki-poliki hondatzen ditu, desgastatuta geratu arte. Pertsonaiek egoera higatzen uzten dute, hondamendia ezinbestekoa izango balitz bezala. Eta elkarri esateko zirenak norberaren barruan gordetzen direlarik, herra moduko bat garatzen da harremanean.

Esan liteke Arantxa Iturberen narrazio gehienetan pertsonaiek berek sortzen duten inkomunikazio honetaz aritzen dela, isiltasuna, esan-beharrekoak ezkutatzea erdigunean delarik. Liburuan hogeita hamar narrazio inguru biltzen dira, eta aldez edo moldez guztiak aritzen dira gai horren inguruan. Narrazioak, beraz, labur xamarrak dira eta halako bilduma batean agertzen dena errepikakorra gerta daiteke, azken finean gai beraren inguruko bariazioak aurkezten baitira. Egoeraren funtsean sakontzearen sakontzeaz, narrazioetan geratzen dena, batzuetan, aldez aurretik antzeman daiteke arazorik gabe.

Ipuinak, bestalde, eskematikoak dira. Ez da inguruari buruzko xehetasunik eskaintzen, ez dakigu noiz eta non gertatzen diren, dena gure ingurukoa dirudien mundu lauso batean geratzen baita. Honi gaineratu behar diogu idazleak teknikaren aldetik erabiltzen duen baliabide garrantzitsuena elipsia dela, teknikan ere isiltasunaren ideia aplikatuta. Gandu batek inguratzen ditu istorioak eta zirriborro horien artean irakurleak irudiak osatzen saiatu behar du.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak