kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Horma / Anjel Lertxundi / Erein, 2017

Itzulbiderik ez denean Iratxe Retolaza / Argia, 2017-12-24

Literatura-itzultzaile baten ahotsa gorpuztu du Anjel Lertxundik Horma nobelan, hainbat bidegurutze bizi dituena: alzheimerra diagnostikatu diote amari, familiako sekretu batek kolpatzen du, Marta etxera bizitzera joan zaio eta eguneroko elkarbizitzak urradurak sortu ditu bikote-harremanean, ofizioaren prekarietateak ziurgabetasuna sortzen dio… Amaren gaixotasunak iraganeko mamuak biziberritu dizkio, eta amari mintzo zaio nobelan, esan gabekoei bide emateko. Hormatze-bidean ama, eta hormaturik ere Fidel, amaren memoria-galerak izoztu bailuen, ez aurrera, ez atzera, erabakimena urratuta. Itzulinguruka dabil, beldur dio korapiloak errotik heltzeari: porrotaren itzalak geldiarazten du. Ahots desesperatu eta konformagaitza gorpuzten du Fidelek.

Egunerokoari aurre egiteko ezintasun horretan, familiako sekretua argitzeko gogoa pizten zaio, jatorrietara edo sustraietara jotzeko premia bizi du. Jatorriarekiko temak originaltasunaren inguruko auziak harrotuko dizkio, sorkuntza literarioaren eremuan, itzulpen-lanaren testuinguruan, nortasun pertsonalari traza hartzean. “Memoriarik gabe ez dago originaltasunik” dio Fidelek. Ahots mindu horrek Anjel Lertxundiren hainbat nobelatan landuriko kezkak jorratzen ditu: iraganaren zama, errudun-sentimenduak eta auzi moralak, isiltasunek sorturiko kateak, tradizioa berrasmatzea…

Larrimin horren erdian, izan badu ihesbiderik, babeslekurik: itzulpen-ofizioarekiko pasioa. Ihesbide horrek arrastoak utzi ditu nobelaren egituran, etengabeak direlako jolas metaliterarioak, idazketa-prozesuaren inguruko hari-muturrak, edo itzulpen-jardunaren inguruko gogoetak. Literatur testuak eta itzulpen-ariketak dira Fidel letrajalearen komunikazio-iturri nagusia, eta komunikazio-bide horretan trebatu bada ere, trakestu egin da bestelako hitz-jardunean.

Nobela existentzialaren arrastoak ugari dira Horma-n: narrazioaren arnasan, protagonistaren kezka-motetan eta testuartekotasun literarioetan (besteak beste, Albert Camusen Arrotza dakar orriotara). Zentzu horretan, tentsio narratibo urriko nobela da, eta istorioak aurrera egin ahala, Fidelen marmarra errepikakorra egin zait zenbait pasartetan. Gertaeren kate ahul hori orekatzera datoz oihartzun literarioekin eginiko jolasak eta idazketa-ekintzaren inguruko hausnarketak. Literatur tradizioaren piezak aurkezten dizkigu, gaurkoturik, berriturik, eta puzzlea osatzera gonbidatzen gaitu. Babesleku hori, kultur eredu hori ahanzturak irents ez dezan, memoria literario eta kulturala gal ez dezagun.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak