kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Barbaroak baratzean / Luis Garde / Balea Zuria, 2017

Estreinakoa Igor Estankona / Argia, 2017-12-17

Luis Garderen Barbaroak baratzean lan honekin hasi du ibilbidea Balea Zuria argitaletxeak, literatura unibertsaleko irudi eder bezain poetikoa daroan azken zorakeriak. Herman Melvillen balea hura bera ere ideal baten pertsekuzioa ez al zen izan, bada? Sortzaileen artean den Juan Ramon Makusok lerro hauek idatzi orduko esan berri dit irakurleari gogoeta eragiteko, ideiak eta eztabaida jorratzeko sortu dutela argitaletxea.

Eta esan dit baita ere: “Luis Garderen poemagintza ezaguna da gurean. Bere ahots poetikoa oso iradokitzailea da. Bere poesiak lortzen du poeta batek nahi duena, hau da, irakurlea emozionatzea. Bere tonua lirikoa da, demagogiarik gabekoa, irudi askoz hornitua. Hizkuntzak beragan bat egiten du edukiarekin”.

Eta ez zaio arrazoirik falta, hizkuntzaren artisauetarik baita iruindarra. Apaina da liburua, arrandiarik egiten ez duena, balore segurua bilduma bateko estreinako titulua izan dadin. Gardek poema liburu bat dakar oraingoan sano urtsua, kresaltsua: “Norbait kaian dago zutik goizez goiz,/ bereak dituen izenen eta ahotsen zain”. Hein berean desertua dago, nomadak daude, oihana iradokitzen da. Bizitzaren mugetan idatzitako poemak dira asko, ezezagunaren eremukoak. Zerbait berria, zerbait arrotza, zerbait barbaroa deskubritzen dugunean egiten dugun “beraiek” eta “gu” binomioa desegin gura luketenak uneka: “Zakur hori baten letaginek/ kristal likidoaren beste aldea dute marrazten” edo “zutiarazi ditu/ aitzinean dirdirka ari den plasmako pantaila beroa/ zeharkatzeko irrikak”.

Dena den, Garderen irudi eta eskenatoki horiek guztiek beti ez dute lortzen mezua helarazterik. Ez da liburu bat borobila. Barbaroak baratzean batzuetan efektista da zio garbirik gabe. Beste batzuetan soila da, baina poesia soiletik urrun. Liburuko pieza asko narrazio laburrak dira eta, nire ustez, hausnarketok eten egiten dute poesiaren joana zeharo. Beste pieza askok —deskriptiboak, sinbolistak— ezin jakin helburu estetiko hutsa duten, edo esanahi gorderen bat. Askotan liburuek esan ez baina hitzerdika esan dezakete. Kasu honetan, ordea, zaila da estiloaz harago pultsio bat kausitzea, eta zail are kritika honetarako argumenturik bilatzea, sentsazio gazi-gozo honetaz harago.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak