« Borroka, frustrazio eta iraultza isilak | Bekaizkeriaren erakarmenaz »
Bihotz handiegia / Eider Rodriguez / Susa, 2017
Isileko entziklopedia emozionala Joannes Jauregi / Berria, 2017-12-03
Zineman sarri esaten da pantailan ikusten duguna bezain garrantzitsua dela ikusten ez duguna. Literaturan, papereratutako hitzez gain, tintontzian geratu direnei ere erreparatu behar omen zaie. Idazleak, dioena ez ezik, isiltzen duena ere menderatu behar omen du. Are gehiago ipuingileak.
Laugarren ipuin-liburua du Eider Rodriguezek oraingo hau. Sei narrazioz osatuta dago, eta, egilearen orain arteko guztiek bezala, lehen ipuinaren izenburua du liburuak. Jarraikortasun horren ildotik, esan beharra dago Bihotz handiegia-n aurkituko dugunak nekez harrituko duela Rodriguezen ipuingintza ezagutzen duen irakurlea. Izan ere, pertsonen arteko harremanak ditu langai: harreman mingostuak, harreman arroztuak, harreman izoztu eta etenak, eta haien guztien azpiko autobide emozional konplexua. Eta horretan, bederen, betiko idazle bera dugu.
Hala ere, Bihotz handiegia-n orain arte ez bezala haztatzen ditu Rodriguezek jada berezkoa duen intimismoaren mugak, ertzak eta barrunbeak. Pertsonaiak berak baino gehiago, pertsonaia horien ni-ak dira nagusi ipuinotan, eta ni horien barruko emozio eta sentimenduen etengabeko joan-etorriak. Hargatik ere, Rodriguezek ez du bisturia hartu eta bere pertsonaien disekzio emozional kirurgikorik egiten, haien erraiak azalera ekarri eta banan-banan aletu eta aztertzeko. Horren ordez, isiltasunaz maisuki baliatzen da idazlea, esandakoarekin bezainbeste (edo agian gehiago) kontatuz esan gabekoarekin. Horretarako, ezinago zainduak dira ipuinotako ahots narratiboak, eta erabat menderatzen dituzte beren isiltasunak, maisuki tolestuz lehen nahiz hirugarren pertsonara, eta inoiz baita bigarrenera ere, Paisaiak ipuinean, esate baterako. Ipuin aipagarririk bada, halere, liburuari izenburua ematen dion Bihotz handiegia da hori, non Rodriguezek bere ipuingintzaren zinezko harribitxi bat zartarazten digun muturrean.
Bere intimismo sotil horretan, berebiziko garrantzia dute eguneroko bizitzako objektu eta keinuek, kasik haien azpian baleude bezala bisturiaz erauzi gabe ere gardenki antzematen diren emozioen zainak. Xehetasunik txikienen atzean mundu bat dagoelako sentipena du irakurleak: azazkal batzuen more zartatua, Queen-en kantu bat, arrainontzi hutsa… Guztiak ezinbesteko bilakatzen dira, funtsean kanpoko munduko elementu horiek pertsonaien barne mundua islatzen baitute.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi zenbait ipuin hanka-puntetan zeharkatzen dituen kutsu politiko leuna. Pertsonaia batek baino gehiagok duen klase-kontzientzia, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga, zeinak atrezzo huts baino gehiago delako irudipena eman nahi duen… Ez da diskurtso politikorik taxutzera iristen, noski, horrek ziur aski zangotraba egingo bailioke ipuinetan nagusi den intimismoari. Nolanahi ere, liburuan badirudi lanketa-eske dagoela berariaz landu gabeko harrobi hori, ate erdi irekian zelatan dagoen mamuak barrura sartu nahiko balu bezala.
Funtsean, esku artean dugun hau egilearen ipuingintzaren alerik finena da, bere ibilbidearen kateari tinko eutsi eta distira ateratzen diona. Ea hurrengo katebegiak zer dakarkigun.
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera
Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa
Irati Majuelo
Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua
Ibon Egaña
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Aiora Sampedro
Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig
Jon Jimenez