kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Barbaroak baratzean / Luis Garde / Balea Zuria, 2017

Sinbolismoaren mugak Peru Iparragirre / Berria, 2017-11-26

Egun batzuk igaro ditut Luis Garderen (Iruñea, 1961) Barbaroak baratzean (Balea zuria, 2017) poema liburu berria ia une oro aldean, zabaltzeko behar nuen adorea noiz bilduko. Poesiari berriz heltzeko momentua etengabe atzeratuz apalean pilatzen ari zaizkit poema liburuak azkenaldian, irakurtzeke. Balea zuriari ihes egiten ez uzteko intentzioz, begietara eta hatzetara atsegina den kolaz lotutako paper inprimatu mardula eskuetan hartu dut azkenean.

Hitzei erreparatzen hasita, laster galtzen da orri goxoen lehen atsegina. Harresian itzalak lehen atalean barneratu ahala, hesi eta murruekin egingo du topo irakurleak, hesiok zeharkatzeko saialdia egiten ari direnen irudiarekin, minarekin. Sinboloz jositako hitzek adierazten dutena ez da asko aldatzen poema batetik bestera, baina orriak pasatu ahala badira gogoan argituz doazen inpresio batzuk, iruditeria errepikakor horretan zehaztuz doan paisaia latz bat. Hirugarren pertsonaz esaten diren baina nomada gisa ez bada ia izendatzen ez diren beste horiek ikusten ditu poetak, horma zeharkatzeko saiakeran, hesietako xaflek zaurituta haien gorputzak.

Bigarren atalean ageri da gehien poeta, hitzen balioaz galderak eginez, munduaren eta norberaren arteko harremanari eta idazteari buruzko gogoetan. Narratiboen daitezkeen aleak ere hemen daude, beste bi ataletako iruditeriaren kortsetik askatzen direnak. Badaude lekuz kanpo daudela diruditen poema bakan batzuk, Beldurraren balizko genealogiak izenburuko poemak, kasurako, diotena liburuan ulertzeko makuluak faltan izan ditut nik behintzat. Atal horretan narrazio labur batzuk ere ageri zaizkigu, formaz ezberdin bada ere gaiari heltzen diotenak nolabait. Azken ikuskizuna izenekoa da salbuespena. Narrazio hori, kutsu ia surrealistakoa, bere horretan literarioki interesgarria izan daitekeen arren, liburuaren barne-logikan kokatzeko zaila iruditu zait.

Hirugarren eta azken atalean, fokua berriz pasatzen da besteen gainera, haien etxeetatik ihesean lurrak eta urak zeharkatzen dituztenengana. Lehen atalean murruak baldin baziren, zeharkaldiak edo bidaiak dira atal honetako poemetan kontatzen direnak, ihesean doazen gorputzen odiseak. Karga sinboliko handiko poemak dira horiek ere, baina aurreko ataleko hausnarketaren hariari nolabait helduz poeta gehiago ageri dela dirudi, amaiera aldera batez ere, azken poeman kasurako (liburua narrazio labur batek ixten du). Azken ahapaldian zera dio, liburuaren estruktura eta funtsa laburtuz ia: “[...] baina horrexegatik gelditu naiz hemen,/ metafora zalantzatien leiho irekiaren ondoan esna/ eta begiak erreta paperari begira:/ gaur paisaia batek, bik agian,/ uraren eta burdinaren ziurtasunez begiratu didatelako”.

Sinbolismoak inpresioak sortzeko balio duela esango nuke, pintzelkada sakon baina aski lausoz paisaia bat margotzeko. Paisaiaren atzean, edo xehetasunetan dagoena azaleratzeko, ordea, gako nahikorik ematen ez duelakoan nago. Eraikitzen ditugun harresiez hausnartzeko bide ematen dute poemok, gure Edengo baratze propioak barbarotzat ditugunengandik ustez defendatzearen joeraz gogoetatzeko, Gardek bigarren atalean aditzera ematen duen eran, beharbada, gertakari lazgarriak hutsal gisa agerrarazi eta gogoetak azalean geratzeko arriskuarekin.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak