kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itzulera / Martin Bidaur / Susa, 2017

Norarik gabeko ihesa Aiora Sampedro / Berria, 2017-11-05

Itzulera (Susa) Martin Bidaurren lehen liburua bada ere, aurretik ezagutzen ditugu ezizen horren atzean dagoen Peru Iparragirreren lan gehiago: Itu Bandarekin argitaratutako Lekore aldizkarian pseudonimo berarekin argitaratu izan ditu hainbat idazki. Orain, urtetan ereindako lan hori ernaldu da, eta poema-liburu batekin ekin dio poeta gazteak bakarkako argitalpen lanari.

Pesimismoa eta isolamendua motibo errepikakorrak dira; liburua irekitzen duen aipuak laburtuko luke egokien poetak mundua begiratzerakoan agertzen duen jarrera: “Pozik nagoenean ere nostalgia dut babesleku”. Bestalde, esku artean hartu bezain pronto, liburuko azalean jendartetik aldentzen den itzal bat agertzen da. Beraz, Itzulera izenburuarekin elkartu daitekeen ihesaren ideia ere gailentzen da irakurketan.

Norberaren barrenerako bidaia kontatzen du ahots poetikoak Okzitaniatik Euskal Herrirako, hemendik Pariserako eta atzera Euskal Herrirako itzulera den bidaia honetan. Norberaren bila egindako bidaian inflexio puntua bilatuko du poetak Parisen, hala ere, liburuaren azken atalean, etxera itzultzean, ikuspuntu berri hori “itzulgarria” izan daitekeelako irudipena azaleratuko du: “Inoiz galdu dudan ondasunik preziatuena da neure burua”.

Bost zatitan banatuta dago, eta horietako bakoitza poetaren aipu batez hasten da: “Hautsitako souvenir bat”, “Itxaronaldia”, “Paris”, “Uharteak”, “Hutsuneak oinordetzan”. Esan badugu bidaia poetaren barruranzko bidaia dela, atalen izenburuek atzeranzko bidaia ere iradokitzen dute, lehen ataleko poemetatik bereziki, baina baita hurrengoetatik ere, haurtzaroranzko bidaia antzeman daitekeela esan dezakegu; liburuko lehen poemak zehazki aipatzen duen une batek markatutako haurtzaro bateranzko bidaia, hain zuzen: “Historia hautsitako souvenir batez hasi zen orain dela hamabi urte”.

Idazlearen bakarrizketa poetikoak gidatzen du poema-bilduma, eta, zentzu horretan, elipsiaren erabileraz, irudiak bata bestearen aldean kokatzen eta irakurleari zuzenean hitz egiten asmatzen du poetak.

Iluntasun eta hoztasun giro hori lortzeko, irudien arteko elipsiak eta inpresio singleekiko fokuak determinanteak dira. Bestalde, poemetan tartekatzen diren keinu literarioek ere sentimendu hori indartzen laguntzen dute. Are han-hemenka umore ukituak agertzean, sarkasmorako joera gailentzen da.

Irakurketa ilun horiekin kontrajarrita, ihesa eta lekualdaketak mugimenduarekin lotu daitezke; esango nuke amaiera aldera era kontzienteagoan agertzen den immobilismoaren kontrako erantzun batekin bateratu daitezkeela.

Norberaren barneko hori adierazteko modua iruditu zait ahots poetikoaren alderdirik lortuena: sentsazioek eta giza harremanek leku berezia hartzen dute nitasunaren eraikuntzan. Gainera, niri bereziki eragin dit ahots poetikoaren spleen aura horrek, halako enpatia sentimendu bat sortuz.

Adinaren gertutasuna tarteko, ez dakit gaituta nagoen aurrera begirako honelako juzguak egiteko, baina esango nuke, zer esana emango duen idazle baten hasiera dela honakoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak