kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Poz aldrebesa / Juanjo Olasagarre / Susa, 2017

Doluaren sigi-sigak Iratxe Retolaza / Argia, 2017-10-15

Juanjo Olasagarraren nobelagintzan ezagun zitzaizkigun auziek zeharkatzen dute Poz aldrebesa: desira-minak eta sedukzio-jolasak, komunitate politikoen hersturak, sexu-askapenerako zein nazio-askapenerako borroken arteko talkak, biolentzia politikoa…

Nolanahi ere, kezka horiek bestelako arkitektura narratibo batean gorpuztu ditu. Urrun du Ezinezko maletak-en camp kulturaren kutsua. Urrun du T (tragediaren poza)-ren saiakera-kutsua. Poz aldrebesa-n izan bada gogoeta-piezarik, izan bada pentsamendu teorikoaren adabakirik, baina, oraingoan orekari eutsi dio, eta pertsonaien nortasun sendo zein gatazkatsuetan datza nobelaren indarra.

Joseba Aldaz eta Axi Iminizalduren arteko afektu- eta larru-harremanak ditu ardatz istorioak. Gauetik goizera Josebari Axiren zaintzaile izatea egokitu zaio (Axik memoria galdu ondoren, bihotzeko baten eraginez), eta mugarri horrek bultzatzen du bikotearen errelatoa birpentsatzera. Horri tiraka, bi maitaleen norgehiagokak, tirabirak eta konplizitateak aletzen zaizkigu, hogei urteren epe-aldian. Adinean gora egiteak ere hautaturiko bizitza-ereduaz gogoeta egitera darama Joseba, gizarte-eredu baten egonkortzearekin batera erroturikoa (instituzio autonomikoak, kontsumo-gizartea, familia-egiturak, eta abar). Besteak beste, gay komunitatearen barne-gatazkak dakartza gogora (identitate politikoaren auzia, sexu-rolak, joera misoginoak, fideltasunaren auzia…). Bide horretatik, Josebaren dolu-aroa beste dolu-egoera batzuekin solasean jartzen da: LGTB komunitatearen dolu-errituak eta dolu-oinazeak HIESAren gatazkaren aroan; Euskal Herriko gatazka armatuko biktimen dolu-errituak eta dolu-irakaspenak; eta abar.

Josebaren eta Axiren artekoa, bestalde, harreman-sare batean kokatzen zaigu, lagun-minekin, lankideekin zein senideekin hartu-emanean. Afektu-sare horretan ere nortasun indartsuak irudikatzen dira: Txato, Josebaren kontzientziaren harra, eta Etika Marikaren bozeramailea; Lander, Lokarriko kidea, eta nobio-minaren ajeak bizi dituena; Begoña, Kultura Sustatzeko Zuzendaria eta boterearen trikimailuetan trebatua; eta abar. Lagun-talde horretan badira otzantzeak, harrotzeak eta desleialtasunak; baina batez ere pertsonaien hauskortasuna irudikatzen zaigu, nahiz eta zaurgarritasun hori estaltzeko ahaleginetan bizi, eta autoengainuan, autogorrotoan edota autoerrukian gozo hartu.

Atzera-aurrera eta hara-hona garamatza nobelak, garaietan zein lekuetan, baina, pieza guztiak oso ongi josita daude, eta kateatzen zaitu nobelak, pertsonaien konplize isil bihurtzeraino.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak