kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Haizeari begira / Jon Ariza de Miguel / Elkar, 2017

Kimerak leihotik begira Peru Iparragirre / Berria, 2017-09-17

Ohe hotzak (Elkar, 2016) argitaratu zuenetik urtebete pasa igaro denean aurkeztu du bere bigarren eleberria Jon Ariza de Miguelek (Portugalete, Bizkaia, 1979). Europa zaharreko uharte bateko hiriburuan anaiarekin opor egun batzuk igarotzeko asmoz, bertako hotel bakarrera heldu biharamunean ematen dio hasiera istorioari Haizeari begira (Elkar, 2017) nobelako narratzaile-protagonistak. Lau ataletan —egun bakoitzeko bat— banatutako compte-rendu partzial eta pertsonal honetan aurrera egin ahala, anaiak Atreo izengoitiaz deitzen duen gizonaren barne-munduan murgilduko gara; munduaz duen esperientzian eta gogoetetan.

Hasteko eta bat, aitor dezadan: deseroso sentiarazi nau pertsonaiak. Harekiko enpatia izpirik ez dut sentitu, urrunekoa eta interes bakoa iruditu zait. Lehen pertsonan narratutako istorioa denez, kosta egin zait pertsonaia eta liburua bereiztea eta protagonista dandyaren gogoetak narda handiegirik gabe irakurtzea.

Kontakizuna hasi eta gutxira diosku Atreok, logelako leihotik pareko etxeko bizilaguna ikusi duenetik, harengan pentsatzeari utzi ezinik dabilela. Are, posible duen guztietan paratzen da hurrengo egunetan leihoaren aldamenean, Susana izendatu duen emakume ezezaguna zelatatzeko. Atreo gizon jantzi eta ongi heziak ez du inongo arazorik ezagutzen ez duen norbait bere etxean dagoela zelatatzeko; izan ere, Susana “ederra” da, eta “beharrezkoa” zaio ahal duen aldiro leihora gerturatzea, ikusiko duen esperantzaz; egiten ari dena apenas zalantzan jarri gabe. Horretan ematen ditu anaia Tiestesekin pasa beharreko egunak. Voyeurismora heltzen ez den arren, hainbat fantasia eraikitzen ditu Atreok, Susanarekin balizko enkontruak imajinatuz, elkarrizketak asmatuz. Memento horietan lausotu egiten da kontakizunean gertatzen ari denaren eta narratzailearen fantasiaren arteko muga.

Liburuaren hasierako eta amaierako aipuek iradokitzen dute liburuaren kontrazalean aipatzen den ekintzaren eta kontenplazioaren arteko dilema, ustez, protagonista harrapatuta daukana. Bere baitatik eta mundura ateratzeak Atreori arrisku handiegia ekarriko liokeela dirudi, gehiago interesatzen zaiola liburu eta gogoeta estetikoetan bizitzea, edo kimeratan galtzea, bere burua zalantzan jartzeko aparteko beharrik gabe.

Izen propioen faltan, bi pertsonaia nagusien, bi anaien, izengoitiak baino ez zaizkio eskaintzen irakurleari. Izen horien jatorrian dagoen mito klasikoa —narratzaileak laburki azaltzen duena—, pertsonaia nagusiak izengoitiok hartzera eraman zituen gaztetako pasadizoa eta eleberriaren trama nolabait elkartzen dituen tema bat bada liburuan, amaieran argi ikusten dena, nahiz errebelazioaren aurretik ere zantzu batzuk ageri diren kontakizunean.

Ariza de Miguelek aise darabil idazkera soila eta baita, batzuetan, poetikora hurbiltzen den estiloa ere, protagonistaren barne-diatriba eta paisaiako detaileen inguruko askotariko gogoeta eta dibagazioak emateko. Ahozkoan ohikoak ez diren “hots”, “hau da” eta antzeko diskurtso markatzaileen erabilerak, ordea, egiantzekotasuna kentzen die narratzailearen jarduna eteten duten elkarrizketa batzuei. Baina baliteke ahozko formulen idatzizko baliokidetza ezegokiarena baino hizkuntzaren normalizazioarena izatea auzia.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak