kritiken hemeroteka

6.894 kritika

Azken kritikak

« | »

Franco hil zuten egunak / Koldo Izagirre / Susa, 2016

Franko hil zuten egunak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-06-28

Franko hil zuten egunak gisara endelegatu daiteke Franco hil zuten egunak. Franco hil zuten egunetan naski, pentsa dezakezun baino jende gutxixeago hil zuten. Franko hil zuten egunetan hildakoak ez baitziren hainbeste izan. Bakar bat hila ere franko izan arren. Franco franko izan arren.

Nolanahi (izan) zen ere, frankismoak hil eta errepresaliatu zituenen gogoa nahigabetzea lortu zuen behin betiko, euskaldunon gogoa hil zuen, baita joputasuna gauzatzen hasi ere. Gerraostekoa, behin betiko frankismo ostea bihurtzerainokoa.

Altza Antxo Pasaiako idazleak beste bederatzi kontu gehitu dizkio Basques’ Harboureko narrazio bildumari. Franco hil zuten egunak narrazio bilduma nobela grisa gisan endelegatu daiteke, grisa ez ezik beltza baita. Pertsonaiak ez dira kontu bakarrekoak sarritan, haietako hainbat berberak baitira eta bereak eta bi agertzen baitituzte kontutik kontura.

Franco hil zuten egunak kontu bilduma eleberritsuan, hots, Generalisimoa-ren azken urtean, genero franko zebilen karriketan, nasai eta nahasia, frankismopeko pertsonak nahiz haren aldekoak. Garaiko espirituari zor, gizonezkoak dira nagusi, baina emakumezkoek badute tokia, tokia eta berezko jitea ukan ere. Pertsonaiak idazleak eraikitzen ditu bistan da, eta honen irudigintzan, xumeak dira, herritar xaloak lainoak. Gehienak.

Franco galegoa zen, baita galego franko Basques’ Harbouren habitatu ere, euskaldun izanagatik. Patxi-ren seme franko izan zen portuan, lehorrean nola putzuan, kaskagorriak hala nola pepe beltzak: futbolariak, pilotariak, tabernariak, zamaketariak, fotografoak, marrazkilariak hala poliziak nola apaizak. Besteak beste.

Kirolak badu munta, Franco nola Uzkudun ez da bakarra. Urtain franko dabil portuan.

Apaizak ari dira ere, erregimenean errejimen egin beharko zuketenak nahiz txol komunistak. Don Serapio tartean dabil ere, besteak beste.

Franco hil zuten egunetan, espainiar soldadu izanagatik, euskaldunak Marokoaren kausaren alde behartu zitzaketen, baita, hala berean, eurena bezalako zapaldutako herri sahararren aurka egin ere.

Franco hil zuten egunak urteak izan ziren. Frankok nahi izan zuten zerbaiten alde hil egin —elosegitarrak ziren, Joseba Elosegi bakarra izan arren—, kausa baten alde bizi edo kausa baten kontra hil ere, euskaraz batzuek erdaraz gehienek. Ia denak jopuak ziren, haatik, Basques’ Harboureko herritarrek beren identitatea zuten, Donostia zuten City eta Hendaia edota Biarritz ihes bide.

Franco hil zuten egunak, gogo franko eta askoren espiritu saindua hil zituzten egunak, ongi behatzeko prismatiko bereziak behar dituzu. Eszenak angelu askotarikorik deskribatuta baitakartza kontu bakoitzak. Kontu nobelatsu hauek askotariko prismak eskaintzen dizkizute, eta zenbaitetan, periskopio baten beharra ukanen duzu. Zinemak badu munta literatura (h)onetan.

Franco hil zuten egunak ez ziren goxoak izan, eta idazlearen kontatzeko moldea ere ez da goxoa, ez da goxoki izkiriatua orduan. Ez, afera entonces-koa da, baita oraingoa ere! Franko hil zuten egunetako pertsonaien gogo espiritu asaldatuak eta nahigabetuak kako orratzez josiak dira.

Gerra osteko 40 urteko bakealdiaren ostean, beste 40 urteko joan dira, bake duinik gabe edo debaldeko baketan. Eta, naski, 40 urte gehiago ez dira nahikoa izango Franco hil nahi zutenen gogoa berpizteko, ezta Koldo Izagirreren literatura jaidura barneratu ahal izateko ere.

Faxisten Altxamendu Nazionalaren legea ezarririk, hura legezkoa izan zen, bizitakoa ez-goxoa izan zen legez. Baina aizu, gaur egun, legezkoa haizu ere bilakatu da. Non dago eusko gudarien odola non euskaldunon gogoa?

Franco hil zuten egunak leitu ostean, Franco hil gura zutenen gogoa ahitze bidean begitandu zait. Franco izan zein Churchill izan, su-hartzaileak, Basques’ Harboureko zamaketariak kargatzera kondenatuta daude betiko, egarri egunak izanen dira berriz ere portu aldean.

Non dago Basques’ Harbour? galdetzen badidazu, ez dizut mapa bat eskainiko. Eta ez da, galdu naizelako. Zinez mintzo naiz, ez naiz heroia. Ez nabil ez zaitez portu bila ibili. Ez dut erantzunik behar, ezta zuk ere. Ez baitut galdera egiten.

Non dago eusko gudarien odola non euskaldunon gogoa? galdera eginda ere, ez baitut galdera egiten.

Azken kritikak

Golgota
Xabier Montoia

Amaia Serrano Mariezkurrena

Begirada
Jean-Paul Sartre

Joannes Jauregi

Mina edo libertatea! / Biba Mina!
Kepa Larrea

Aiora Sampedro

Ametsondoa
Peru Magdalena

Estibalitz Ezkerra

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Igor Estankona

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Peru Iparragirre

Ametsondoa
Peru Magdalena

Igor Estankona

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Javier Rojo

Itzulera
Martin Bidaur

Aiora Sampedro

Nagusia kanpoan bizi da / 1928ko martxoaren 15a
Takiji Kobayashi

Joannes Jauregi

Ero hiria
Javi Cillero

Aritz Galarraga

Itzulera
Martin Bidaur

Miren Lizarralde

Maite ditut maite
Ismael Manterola

Iratxe Esparza

Artxiboa

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Hedabideak