kritiken hemeroteka

6.834 kritika

Azken kritikak

« | »

Poz aldrebesa / Juanjo Olasagarre / Susa, 2017

Maitasuna, azken finean Hasier Rekondo / Deia, 2017-06-24

“Esango nuke urtero maitasunera itzuliz gero bakarrik hitz egin daitekeela fideltasunaz, denboralditik kanpo, itzuliko ote dizuten jakiteko inongo bermerik gabe”, esan zigun J. Brodsky poeta errusiarrak, haren Fondamenta degli incurabili (1989) gogoangarrian. Juanjo Olasagarrek (Arbizu, 1963) fideltasuna edota fideltasun eza transzenditzen dituen maitasun istorio sakona idatzi du. Pasoliniren eszena bat lirudikeen Bilbo ahaztu bateko Artxandako aparkaleku likits batean sortu harreman sexual bat abiapuntu epifanikoa izanik, Axik eta Josebak osatu bikote gay baten 19 urteko maitasunaren sorrera bilakaera eta gainbeheraren berri dakarkigu Olasagarriren azken nobelak. Memoriak eta gaixotasunak osatu bikoari esker, hizpide ugari proposatzen ditu Poz aldrebesa (Susa, 2017) lanean: sexua, gayen mugimendu politikoa, poesia, zaintza; finean, iruntzietara eratutako bizitzen kaleidoskopioan eratu unibertso zirraragarria eta dekadentea, estilo gardena eta proustiarra tartekatuz, oroimenak, lexikoak eta sintaxiak bat egiten baitute poz horretan, beherakadak beherakada.

Egun erabat gutxietsia dago maitasuna (urliak kapitalismoarekin lotu baitu edo desagertzear dela ziurtatu du sandiak zientziari leku uzteko) oso labainkorra izan litekeela diosku Olasagarrek, nobelari izena emango dion aldrebes eremu horrekin lotu xedez. “Badaki aurrera poza izango duela, ez zoriontasuna… Heteroendako udalekua da zoriontasuna. Poza bakarrik. Poza. Aldrebesa, bai, baina poza, azken finean”

Heteroen eta homoen arteko berezitasunean eraikitzen du egileak gaytasunaren aldarria, besteak beste; bada, esanguratsua da 80. hamarkadan EGHAMek eratutako lehen Gayakanpadaren karira idatzitako kapitulu ironiko bezain politikoa, non gay, queer edo mariken, bakoitzak bere berezitasunekin, mugimendua nazio mugimenduaz bereizteko beharra azpimarratzen baita. Halere, heterosexual guztiak zaku berean sartzeak gay guztiak beste batean sartzea bezalakoa litzateke: nobelak erakutsiko digu kolektibo bakoitzaren ezaugarriak aldarrikatzea bezain inportantea dela bakoitzaren prozesua eta identitatea oroimenaren bidez zizelkatzea. “Axi, alegia, nahikoa izan baitu istripua arte, eta hemendik aurrera ere bai; heterosexual askori arraroa egiten zaio sexua eta maitasuna bereiztea, berari marika den aldetik, erraza, nahiz eta onartu behar duen Axiri ez zitzaiola horren erraza egiten, Axik joera izan duela larrua jo duenekin beste sentimendu batzuk sortzeko…”. Bestalde, Josebaren gogorapenen bidez hitz egiten duen Txatok gay izatearen muina emango digu, Olasagarrek beti aukeratuko du, bere pertsonaien bizitza ezohizkoekin bat, ikuspunturik askatzaileena, horrek sufrimendua ondorioztatu lezakeen arren.

ETBko kazetari Axi izpiritu askearen irudia da, Boletin Ofizialaren itzultzaile Joseba, bestalde, Andrew Motion poeta laudatua euskarara ekarriko duena, menpeko maitasunaren isla. Biek ala biek gaytasuna bizitzeko bestelako bideak ibiliko dituzte, denboran eta memorian iraungo duten maitasuna dute partekatuko, harro partekatu ere.

Txibien sasoia hasi besterik ez da egin, ustekabe handia litzateke Olasagarreren nobelak urteko sari gorenetako bat ez jasotzea.

Azken kritikak

Arrotz eta eder
Pako Aristi

Iker Zaldua

Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Mari Luz Esteban

Iratxe Esparza

Huliganaren itzulera
Norman Manea

Iñigo Roque Eguzkitza

Gelditu zaitezte gurekin
Ana Malagon

Amaia Alvarez Uria

Arrastoak
Dejabu panpin laborategia

Iratxe Retolaza

King Kong teoria
Virginie Despentes

Hasier Rekondo

Baina ez lukete han egon behar
Asier Osinalde

Mikel Ayerbe

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Iratxe Esparza

Txoriak etortzen ez diren lekua
Alaine Agirre

Igor Elordui Etxebarria

Franco hil zuten egunak
Koldo Izagirre

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Adrienne Rich

Igor Estankona

Poesia kaiera
Dylan Thomas

Alex Gurrutxaga

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Hasier Rekondo

Telleria eta gero, zer?
Ernesto Prat

Javier Rojo

Artxiboa

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Urria 2016

Iraila 2016

Abuztua 2016

Hedabideak