kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Iraganik gabe / Felipe Juaristi / Erein, 2017

Memoria ezaren intriga Hasier Rekondo / Berria, 2017-06-18

Felipe Juaristik poesia eta prosa uztartu baditu ere, haren literatur ibilbide luzean poesiak ekarri dizkio izena eta izana. Duela hiru urte kaleratu Piztutako etxea liburuarekin (Erein, 2014) pentsamenduaren poesiaren adierazle nagusienetariko dela egiaztatu zuen berriro ere, poeta handi bat finean, poesia ezin baita entelegatu pentsamendurik gabe. Nobela labur bitxi batekin datorkigu oraingo honetan: Iraganik gabe (Erein, 2017). Nago, kasu honetan bederen, prosaren esparruan ez duela maila bera lortu, idazle umotuaren zantzuak agerikoak diren arren.

Bitxia da liburua alde askotatik begiratuta, moldeari zein edukiari erreparatuz: ezin baita generoaren aldetik erraz sailkatu, nobela beltzaren eremu zabalean kokatu nahi izan duten arren. Argumentu ez lar original batek intriga baten aurrean gaudela iradoki lezake, baina liburuak badu fabula moralaren ezaugarririk ere. Nobelaren gauzarik erakargarriena, zalantza izpirik gabe, ametsen eta errealitatearen arteko lurralde ignoto batean murgiltzen gaituela da. Juaristik zenbait elementu existentzial eransten dizkio, iradokiak gehiagotan adieraziak baino. Niri, behintzat, Becketten eta Chestertonen zenbait narrazioren ukituak etorri zaizkit gogora.

Esan dezadan, halaber, edizioaren aurkezpena oso kaskarra iruditu zaidala, ez azalak ez maketazioak, poltsikoko liburu traketsen traza guztiekin, ez diote mesederik egiten egile azkoitiarrak islatu nahi izan duenari. Batek daki aurrekontu kontuak ote diren, baina sona handiko egile baten lanak mereziko luke bestelako ahaleginik.

Memoria galdu duen gizon bat agertu da hirigune definigaitz bateko auzo galdu batean. Auzo horretako neska-mutil kuadrilla batek harrika hartu ondoren, Venezia izeneko neska txikiak babestuko du, Abel aitonaren etxean. Veneziaren amak aitonaren eskuetan utzi zuen aspaldi Venezia; Venezia gauza eta pertsona guztiei obsesiboki atxikituta geratzea eragin du abandonu horrek. Gizon horren iragan malapartatuak, non gaizkiaren zantzu guztiak ageri baitira, Zumarraga deitzen dela esango digu, atxilotu ezinezko lapur talde baten bururik astakiloena. Lapur talde horretako kideek lagunduta aurpegia aldatu diote, urte asko lapurretan eman ondoren, kirurgia plastiko baten bidez. Istorioan, halaber, polizia txostenak idaztean literatura egin nahi duen Nestor Ramirez edo literatura batere gustuko ez duen Hektor Alberdi moduko poliziak agertuko zaizkigu. Horrez gain, Anjel Zumarragaren atzetik bizitza osoa eman duen Isaak Lopez de Albeniz komisarioa eta Sara Sainz de Bilbao —izen-abizen guztiekin—, polizia bikoteak protagonismoa izango du. Orobat, Barañain eta Lezo lapurrak, Urbieta eta Urbina matoi traketsak… Hauen guztien arteko zubi iradokiek ehuntzen dituzte narrazio ildoak.

Juaristik ez du elementu poetikorik ez prosa sofistikaturik landu oraingo honetan. Aipatu fabula moralak ez du etxafuegorik behar. Perpaus laburrak eta zuzenak erabiltzen ditu errealitate fantasmagoriko horri ametsetako ehundura emateko. Esan dezadan, nobelak kale egiten duela intriga mantendu nahi duenean, baina erabat asmatzen duela pertsonaien ezaugarri lausotuak iradokitzean, iraganaren zama edota zama eza beti nagusi. Juaristik, apika, poesiaren zama utzi nahi izan du albora, intriga eta fabula morala uztartuz, munduaren beraren sufrimendu lazgarriaren eta gaizkiaren memoria ezaren testigu bilakatzeko.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak