kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gelditu zaitezte gurekin / Ana Malagon / Elkar, 2017

Galeren aparrei jarraiki Hasier Rekondo / Deia, 2017-05-13

Ana Malagon Zalduak (Donostia, 1978) urteko libururik gorenetakoa idatzi du. Eta, horrekin batera, bulkada ederra eman dio lozorroan zegoen ipuingintzaren generoari, salbuespenak salbuespen, argitaletxeen nagiaren eta irakurleek nobelari dioten miresmen eraginez zokoratua baitago. Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) mikroipuinen liburuaren ekin zion bere literatur ibilbideari, oraingo honetan niaren alderik ulertezinenak, irrigarrienak eta garratzenak ditu hizpide Malagonek.

Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) argitalpenean idatzi hamalau ipuinetan, lehen pertsonan idatziak guztiak ere, pertsonaia gehienak existentziaren talka bortitzak jasaten dituzten galtzaileak edo irautea besterik ez dutenak dira. Apika, munduaren ikuskera dikotomikoa zalantzagarria dateke ikuskera filosofikoari helduta, zaila baita bizitza honetan irabazleak edo galtzaileak bereiztea bizitza beraren xedea zehaztu barik. Malagonen pertsonaiek zerbait lortzeko borrokan dihardute, hala nola, segurtasun ekonomikoa edo emozionala, arrakasta profesionala, denboraren aurkako dema antzua. Halere, Malagonen literatura gailendu egingo zaio eztabaida dikotomiko antzu horri munduarekiko begirada lazgarria totem pertsonala bihurtuz.

Harreman ezinduetan, bizitza heldu ezinaren galeran eta existentzia modernoaren ulertezintasunean kokatzen dira bere istorioak. Betiere, ironiaren, umore beltzaren eta etxeko marka den metafora zirraragarrien bidez. Apika, liburuak duen alderik eztabaidagarriena erabilitako metafora “lar ekarriak” lirateke, ez da erraza irudien bidez beti asmatzea baina egiten duenean goratu egiten dute istorioa: Malagonen begiradapean bizitza brikolajeko telebista saio bat izan daiteke, edota Getarian Elkanoren errepresentazioa edo, halaber, igeriketa sinkronizatuko proba bat, non ezer ez baitagoen sinkronizatuta, besteak beste.

Malagonen istorioak era autonomoan irakur daitezke baina egilearen filosofiak berak bateratzen ditu, idazle onek berezko duten begiradaren botereak berak lotzen baititu; donostiarra fikzio oso bestelakoan ere ondo egokitzen dela nabarmentzen saiatu arren, esan liteke bere bizitzatik ere badutela ipuin askok: dela adinean sartutako emakumea eta atzerritik etorritako zaintzailea munduarekiko aingura-leku bakarra duena, zein tabua zauriaren baitan gordetzen duen familia euskaldun bateko kide derrotatua, edota sexuaren bidez askapen bide bakarra aurkitzen duen emakume arrakastatsua eta maitasuna galdu duena, ez dira Malagon, baina Malagonen ikuskera beti dager.

Ipuin sorta erakargarria ondu du Malagonek, bere egin dituen gaiei helduta, Twitter-eko jarraitzaileek egiaztatu dezaketenez, baina baita bereak ez diren beste batzuk ere jorratuz, fikzioari gorpuzten utziaz.

“Sinpleki, gu ez garen norbait nahi dugu sofan gure aldamenean eserita, eguraldiaren parte gero eta luzeagoan, tenperaturaren beherakada nabarmen bat agintzen dutenean”. Malagonen literaturak gu ez garen hori dakarkigu geure baitara, baina denok erabat identifikatzen gara, berorik sentitu ez arren, ikuskerarekin bat etorri ez arren, edo bai.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak