kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Poz aldrebesa / Juanjo Olasagarre / Susa, 2017

Bikote gay bat Estibalitz Ezkerra / Gara, 2017-05-06

Axi eta Josebaren arteko bikote harremana hasi eta ia hogei urteko epean izango duen bilakaera azaltzen digu Juanjo Olasagarreren azken lanak, “Poz aldrebesa”-k. Elkar ezagutzen dutenean, Euskal Herriko gay mugimendua hastapenetan da. Josebak parte-hartze zuzena du azken horretan, lankideengandik ezkutuan badarama ere bere norabide sexuala zein EHGAM barruko militantzia. Gainditu gabeko armairutasunaren sintomatzat jotzen du berak, kontzientzia bihurtu zaion Txato lagunaren hitzak bere eginda. Axik, ostera, ez du bere nortasuna, dena delakoa ere, talde nortasun baten arabera definitzeko inolako interesik eta nahiago du bere sexualitatea bere modura bizi. Hala ere, bere eta Josebaren arteko harremana ez da gaytasunaren inguruko diskurtsoetatik (EHGAMenak berarenak zein bestelakoak) aparte garatuko, kontrakoa baizik. Bihotzeko bat dela medio Axik jasango duen oroimen galerak bikote dinamika krisian jartzen duenean ere, diskurtsuok giltzarri izango dira Josebak harremanari begira hartuko duen erabakian.

“Poz aldrebesa” den Mendebaldeko klase ertaineko zurien gay nortasunaren gaineko etnografia aberatsean, Joseba eta Axiren arteko harremana eredugarri moduan azaltzen zaigu; hots, berezitasunak berezitasun, gay bikoteek gay eta bikote diren aldetik (gay eta bikote, biak ala biak definizio beharrean diren kontzeptuak) aurre egin behar dioten errealitate konplexu eta kontraesanez betearen isla izan nahi du. Nobelaren alderdi indartsuetako bat da, hain zuzen, nortasun politikak (Txatok aldarrikatzen duen Etika Marika, besteak beste) eragindako kontraesanei zuzenean heltzen diela: hogei urteko epean sexu askea aldarrikatzetik sexu kontsumora igaro izana; belaunaldien arteko tirabirak; gaytasunaren unibertsaltasunaz “Mendebaldeko, zuri eta klase ertain” egoera partikularretik hitz egitea; ar/eme, pasibo/aktibo kategorien ubikuotasuna generoa eta sexu norabidea definitzean; mugimendu irekiaren (queer) jarrera azaldu esklusibitateari eutsita; emakumeen baztertzea…

“Poz aldrebesa”-k, hala ere, ez du nortasun eta bestelako politiken gaineko intersekzionalitaterik bilatzen kasu bitxi batean izan ezik (Axik oroimena galdu ostean Josebak garatuko duen dolu sentimendua eta gatazka armatuko biktimen senideek jasaten duten doluaren arteko lotura iradokitzen zaigu nobelan zehar tartekatuta maizegi azaltzen diren pasarte teoriko luze samarretan), eta ondorioz zenbait botere egitura eta ortodoxia bere horretan uzten ditu. Esaterako, gay nortasuna printzipioz heterosexualitateari kontrajarrita dagoen jarrerari heltzen dio nobelak, eta azken horrekin lotura duen edozer arbuiatu behar du lehenengoak.

Hortik, nobelaren amaieran azaltzen den Josebaren gogoeta: “Badaki aurrera poza izango duela, ez zoriontasuna, baina bai poza, uholdeka, erretiratzean, bizitzaren maxkala itsasoko ur putzuetako tontorrak balira bezala agerian utziz. Heteroendako udalekua da zoriontasuna. Poza bakarrik. Poza. Aldrebesa, bai, baina poza, azken finean” (416). Pozaren gogoeta hori bultzatzen duen errealitatea, Axiren bihotzekoaren ostean Josebak bizi duen egoera —bestearen ardura hartzeak dakarren eta gizartearen aldetik batere errekonozimendurik jasotzen ez duen lan emozionala; lan emozional horrek niarekiko maitasunaren eta bestearekiko maitasunaren artean eragiten duen gatazka—, ordea, edozein harreman motari (ez bakarrik sexualari, ez bakarrik bikoteari) aplikagarri zaio. Galdetzekoa litzateke lan emozionala nork egin izan duen eta nork egiten duen orain; nork duen zoriontsu izateko eskubidea eta aukera. Ez dirudi heterosexuala izate hutsa horren berme denik.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak