kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Hautsak errautsa bezain / Itxaro Borda / Maiatz, 2002

Li Bai ibai ertzean dabil Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2003-02-01

Li Bai poeta txinatarra (701-762) Tang dinastiaren garaian bizi izan zen, eta askatasunari, zintzotasunari eta bat-batekotasunari idatzi zien, konbentzioarekiko mesfidantza adieraziz. Horrez gain, Txinako ibaiak aztertu zituen Li Baik. Ez gara harritu, beraz, Itxaro Bordak bere poema liburu berrian pertsonaia-aholkulari moduan erabili izanarekin, Aturri ibaiari begira jarrita maitasunari buruz —”maitatua dela amets egiten duen harrian zintzilikatu goroldioa zara”—, askatasunari buruz —”hitzaren itsasoak herioaren pare mugarik ez du”—, bakardadeari buruz —”adiskiderik ez duen izakia bihurtua zara jadanik”—, nortasun propioari buruz —”herri mina, itzul minaren partez, izan mina balitz?”— ari baitzaigu hirurogei poemaz osaturiko liburu honetan. “Mututasunez kateatu barne zartatzea hurbiltzen ari da”, idatzi du Bordak liburu osoan adierazten duen saminari gorputz emanez, eta Li Bairen arrapostuak zenbaitetan zirikatzaile eta zenbaitetan lasaigarriak barne elkarrizketarako mintzaide moduan erabili ditu, tristuraren espaloitik sorturiko bere gogoetetan hainbestetan aipatzen duen antzara basen iparralderanzko hegaldia abian dela adierazteko.

Li Bai ez da, hala ere, liburu honen uretan murgiltzeko Bordak aukeratu duen bidaia lagun bakarra. Rainer Maria Rilke ere, liburu elebidun honen hasiera-hasieratik agertzen zaigu: “Etxerik ez duenak ez du jagoitik berea eraikiko”. Eta etxea naturaren barrenetan aurki daiteke. Ibaiak izan daitezke etxea liburu honetan, esaterako. Eta norbere bizipenak eta sentimenduak. Eta hautsak errautsa bezain beste maite daiteke etxea, ibaia, bizitzako bakardadea gozatzen dizun adiskidea. “Egizu Rainer Maria Rilkek bezala, ikas ezazu ahanzten eta irudiak biderkatzen”. Besteek baldintzatu gabeko zu izateko, kaltegarritzat jotzen dituzun ikasitako eta sinetsitako hainbat kontu ahantzi, gu-tasunak eman dezakeen babesa lortzearren ni-tasunari uko egiteari muzin eginez eta ideia propioak adierazteko beldurrari aurre eginez. Horixe liburu honetan behin eta berriro agertzen zaizkigun desioak. Bordak barne hausturari buruz idazten du, eta haustura hori Aturri eta Ebro ibaien artean dagoen lurraldearen bere pertzepzioan ere eman dela adierazten du. Ibaiak, itsasoak zeharkatzen dituzten hegaztiei begiratzeko eta hitzari bide emateko pausalekua eskaintzen du, unetik unera kolorez aldatzen doan paisaia marraztu bitartean. Natura pertsonaren aldarteen ispilu garden bilakatu du idazleak.

Beste urrats bat

100% basque nobela sarituaren ondoren Itxaro Bordari irakurri diogun lehendabiziko lana da Hautsak errautsa bezain, eta hartan hitz lauz eta azken honetan bertsoz idatzi duelako edo, asko maite dugun Orain poema liburura joan zaigu gogoa batez ere Maiatzekin argitaratu duen liburu hau irakurtzean. Izan ere, Bordak duela ia bost urte eman zuen poema sortaren zenbait oihartzun sumatu ditugu berri honetan. Natura, bakardadea, maitasuna, askatasuna eta identitateari buruzko gogoeta zeuden Orain-en, intentsitate diferentearekin bazen ere.

Hautsak errautsa bezain honetan Orain-en baino puntuazio urriagoa erabili du idazleak. Arnas luzeagoaren aldeko apustua egin du, bere aurreko lanetan ageri zuen ahotsarekin erabat hautsi gabe. Finean, Bordak urrats bat gehiago eman du bere ibilbide poetikoan. Zenbaitetan errepikakorregia izan dela iruditu zaigu, testuaren intentsitatearen kalterako, eta ez da gustuen irakurri diogun lana. Baina, hala ere, sentimenduak adierazteko eta musikaltasun indartsua lortzeko hitzekin amaraun sare helkorra eraikitzeko duen gaitasunak harrapatu egin gaitu. Beste behin.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak