kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Nola heldu naiz ni honaino / Kattalin Miner / Elkar, 2017

Hautuen aurkako grina Hasier Rekondo / Berria, 2017-04-09

Emakume baten arrakasta profesionalak ez du bermatzen haren oreka emozionala, pertsonala, sexuala edota existentziala: harago joan beharko du beti, gizarte matxista hutsal baten arrakalez harago betiere. J.P. Sartrek iradoki bestearen ifrentzuaren kontra, makrokosmo ulertezin bat eraiki beharko du ongizatea ziurtatzeko eta ezinegonari aurre egiteko, harreman profesionaletan edo bikote iragankorren tragedietan blai.

Kattalin Minerrek (Hernani, 1988), bere lehen nobelan, Jezabel izeneko emakume “arrakastatsu” baten (proiektu-zuzendari izendatu baitute “funtzionarioak izan ez arren, kafearen ordua sakratua” den enpresa batean) era guztietako noraezak ekarri ditu paperera: ikuspegi feminista eta indibidual indartsu baten jabe, gizarteak inposatu hautu hutsalen aurkako grina eta desesperazioa agertzen du Jezabelek. Minerrek kontraesanez bete egitura zapaltzaile baten aurkako kontzientzia bilbatu du lehen pertsonan eraiki Jezabel pertsonaiaren bidez; bigarren pertsona aukeratu du, ordea, Lucia bikotekide galduarekin eraiki eszenak ehuntzeko. Nola heldu naiz ni honaino (Elkar, 2017) izenburu arranditsuko liburuak Igartza Beka jaso zuen iaz.

Jezabelek postu garrantzitsu bat lortu berri du enpresan. Horrez gain, berriki hildako osaba baten herentziari esker etxe baten hipotekan murgilduko da, eta nola ez dakiela, azken kontraesanera arte ez du etsiko. Mailegua hitzartzeko kontuetan ari dela (aukera erraza profitatuko du Minerrek bankuen kontrako alegatu ironikoa paratzeko), hautatu beharreko opari pozoitsu bat eginen diote: sukalderako tresneria edo telebista bat. Txikikeria edo huskeria hori ardatz totemiko bilakatuko du nobela osoan zehar egileak gure gizartearen eta gure baitako garrantzirik bako gauza inportanteez hitz egiteko, ustezko segurtasun batengatik ordainarazten digutenaren berri emateko. “Denak du prezio bat”, ziotson osabak Jezabeli, “jakin behar duguna da, ea hori ordaintzeko prest gauden, besterik ez, txiki”.

Minerren opera prima-k gorabehera narratiboak ditu. Alde batetik, ondo baino hobeto arakatzen du normaltzat jotzen dugun gizarte-enpresa-familia-bikoteen kontraesanetan, kontrazalean agertu modura “nortasunez beteriko” nobela baita; alta bada, era berean, material narratiboa ehuntzeko txatalek, edo macguffin direlakoek, ez dute nahiko pisurik agertzen batzuetan, asko erabilitako material biografikoak txertatzen baitira: ezinaren aurkako alkoholaren demasezko erabilera, bikote harremanen arteko botere desorekatuak, familia bat ez eraikitzeko arrazoiak, sexuaren ezina existentziari aurre egiteko.

Halere, txikikerien handitasunaren neurria emateko maisu agertzen zaigu Miner. Ez du emakumearen papera idealizatu, aipatu mundu zapaltzaile horren kontraesanen mundua ederki islatzeko gaitasuna baitu. Nobela proiektu bat nobela bihurtzeraino, jauzi bat dago, askotan ez da erraza asmatzea, ideiak narrazioaren kaltetan nagusitzen direnean batez ere. Minerren kasuan, materialaren pisu narratiboaren desoreka konpentsatu egiten da begirada boteretsu eta gordin horrekin. Jezabel pertsonaiaren indarrak eta ahuldadeak talka egiten dutenean nagusiki. Opera prima batek ez du zertan perfekzioa bilatu, ahots propio bat egon badagoela irmo agertu baino. Minerren kasuan, ahots hori gizarte hutsalaren ifrentzuan eraikitzen da.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak