kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Koadernoa zuri / Arantxa Iturbe / Elkar, 2017

Elkarren ifrentzuak Hasier Rekondo / Berria, 2017-03-26

Arantxa Iturbe (Alegia, 1964) irrati-esataria oparo dabil azkenaldian literatur generoak uztartzen. Berriki argitaratutako Koadernoa zuri (Elkar, 2017) lanean, alderantzizko prozesuari ekin dio antzezpen bat paperera eramanez: Hika teatro taldeak Agurtzane Intxaurragaren zuzendaritzapean antzeztu zuen 2016ko urrian. Intxaurraga bera izan du bidaide hitzak paratzean, “beti norabide berean aspertzen garenetakoak izaki, juxtu kontrako esperimentuari heldu diogu. Antzokietan entzun eta ikustekoa irakurgai bihurtzeari”, dio aitzin-solasean Iturbek.

Begoña eta Arrate ahizpen arteko eta berriki hildako haien amarekiko erlazio gotortuak eta errepresioz beteak kontatzen zaizkigu eszena laburretan egituratuta. Etxetik ihes egindako Begoña ahizpa nagusia haurtzaroko gelara bueltatu da ama mantis-aren etxean, erlijioan oinarritu amaren erabateko botere guztizkoaren aurkako borrokatzaile porrokatua izan zen, eta etxetik kanpo eman urteetan bizitza erromantikoaren eredu bilakatu amaren aurrean otzan agertu ohi zen Arrate ahizpa medikuaren aurrean. Amaren eta ahizpen arteko erlazioaz, euskal literaturan arras jorratuak bestalde, denbora jauzi ugari tarteko, ari zaigu Iturbe.

Jatorrizko formatuak baldintzatu du azken emaitza, batzuetan eszenarako baliagarria oso dena ez da guztiz mamitzen paperaren gainean, eta beste batzuetan ezin hobeto egokitzen zaio. Eszenen bat-batekotasun horrek, erritmo altuak, elkarrizketa zuzen oso ondo moldatuak nolabaiteko transzendentzia kentzen baitio literatur lanari. Teatro-testua libururako egokitzeko ahaleginean, Begoña ahizpa iheslariak idatzitako egunerokoa txertatu du eszenen artean Iturbek, kontrapuntu egokia landuz. Arrateren mediku-lanaren berri emateko, kontsultan dituen gaixoekiko harreman errealista eta surrealista kontatzen du trebeki egileak. Apika, liburuak duen alderik umoretsuena eta interesgarrienetarikoa minari eta gaixotasunari buruzko ezinbesteko hausnarketak dira. Arinak eta sakonak dira oso aldi berean, eta piperra agertzen dute.

Iturbek jorratu gaiak nahiko jorratuak izan dira literaturan, batez ere sentimendu erlijioso itogarri bat inposatu nahi duen figura boteretsuaren eta “beste modu batera” bizitzeko egarriaren arteko tirabirak; alabek iraultza edo otzantasuna dute aukeran, maitasuna tarteko, eta izaera borrokatzailea edo otzantasuna patuak berak markatua dator nonbait. Ama eta Begoña boteretsuak diren gisara, aita eta Arrate ahulak dira. Odolaren eragin saihetsezina nonbait. Bada, Iturbek topikora joko du zenbaitetan: ez dira faltako amaren arrosarioaren otoitzen eta alaba nagusiak abortatu beharreko unearen arteko kontrapuntu efektistak.

Iturbek emakume izateko beste modu ezberdinak daudela nabarmendu nahi du, Anne Sexton bidaide, “Halakoa atera naiz, sorginek hartutako sorgin, gauez ausartago, aire beltzean nabil; gaizkia amets, argirik argi, etxerik xumeenean bete dut nire aldia: hamabi hatzeko eme, koitadu bakarti, nago burutik”. Begoñak Arrateri koadernoa erakusten dioenean, amaren aurkako gorrotoa abiapuntu duen koadernoa, Arratek esaten dio: “—Dena ez da zurea”. Eta Anne Sextonen hitzak seinalatzen dizkio. Haren erantzunak literaturaren oinarriak zizelkatzen ditu. “—Dena nirea da. Horrek ez du esan nahi hitz guztiak nik idatziak direnik. Beste batzuek hobeto idazten dute nirea askotan”.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak