kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Poliedroaren hostoak / Joan Mari Irigoien / Erein, 1983

Gure gerren polifonia bizia Amaia Serrano Mariezkurrena / Argia, 2017-03-12

Joan Mari Irigoienek 80ko hamarkadaren hasieran argitaratutako obra honek 1995eko edizio berrituari esker izan du oihartzuna, batik bat. Alta, hemen jatorrizkoari helduko diogu, idatzaldi haren testuinguruak (Trantsizioaren hasiera eta euskal eleberrigintza modernoaren tradizio laburra) eta egiten duen proposamen literario ausartak merezi dutela iruditzen zaigulako.

Karlismotik Trantsizioaren hasiera arteko euskaldunen memoria kolektiboaren narrazioa egiten da obra honetan. Hala ere, ez da ohiko kontaketa historiko-kronologikoa, errealismo hutsetik harago, surrealismotik, errealismo magikotik eta abarretatik edaten baitu. Garai historiko bakoitza teknika narratibo baten bidez irudikatzen du, hainbat testu literariori (batez ere mexikar literaturari) eta erlijiosori eginiko keinuez eta mundu sinboliko joriaz horniturik.

Mundu-ikuskera oso ezberdina duten pertsonaiez josia da obra. Hasierako sinpletasuna eta dualismoa, konplexutasun eta aberastasun bilakatuz doaz. Badago epistemologia platonikoari heltzen dion pertsonaiarik, baina bada egia eta errealitatea hautemateko ezintasuna agerian uzten duenik ere. Ideologia politikoei dagokienez, karlismo garaiko pertsonaiak, liberal nahiz karlista, oso markatuak dira. Haatik, bitasun hori II. Errepublikan zehar urtzen hasten da, posizio politiko ugari loratu eta anarkistak edo sozialistak agertzeraino. 1936ko Gerraren ondoren belaunaldi galduaren eta konprometituaren arteko tentsioetan jartzen du fokua. Lehenak, jarauntsi politikoa saihesteko, euskalduntasunik gabe heziak dira; aldiz, bigarrenek konpromiso pisua sentitzen dute. Bien mugek eta zamek bizitza bera zalantzan jartzera daramatzate, azkenean eztanda egiten duen arte.

Pertsonaiek sortzen duten narrazio koralaz gain, denboraren kontzeptualizazioa da eleberriaren gakoetako bat. Denbora eternala, etena, ziklikoa edo kronologikoa izan daiteke, eta batetik besterako jauziek erakusten dute hasierako poemak iradokitzen duena: denbora ez da soilik erlojuak markatzen duena.

Ildo horri jarraitzen dio eleberriaren egitura ziklikoak, bai gerrak bata bestearen atzetik kontatzen direlako, bai sarrera eta amaiera hildakoen ahotsek harilkatzen dutelako, Trantsizioaren historia aldatzen duen mendeku poetiko batekin, gainera.

Nobela mardula, sendoa eta erreferentziaz betea da, pasarte antologikoak dituena eta euskaldunon gatazken pitzadurak azaleratzen dituena; alabaina, teknika batzuk errepikatzen ditu, eta errealitatearen ikuspegi poliedrikoa besarkatzeko saiakeran luze jotzen du. Lan anbiziotsuegia akaso, baina, euskal eleberriaren historian esanguratsua, joera literario berrien ildoetatik eraikia.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak