kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

(Euskal) literaturaren alde (eta kontra) / Iban Zaldua / Elkar, 2016

Argiak eta itzalak eskutik helduta Iratxe Esparza / Gara, 2017-03-04

(Euskal) literaturaren osasunaz eta sistemaz berriro ere kezkatuta agertzen zaigu Iban Zaldua argitaratu berri duen liburuan. Baina ez dira soilik hausnarketa literarioak protagonismoa hartzen dutenak, espazioa partekatzen dutelako egileak sortzen duen elkarrizketa historiko sozialarekin. Testu-bilketak, beraz, bizitza eta literatura lotzen ditu, gaur egungo egoera ekonomiko, sozial eta politikoek sorkuntza artistikoa gurutzatzen dutelako eta abian zeuden zenbait arau estetiko eta kultural ezinbestean birmoldatu egin behar izan direlako. Areago, Zaldua paralelismo horretaz maiz elikatzen da pentsamendu hauek garatzen diren heinean: kontsumismo-gizarteak kontsumo-literatura bultzatzen du, geure buruari etengabeko begiratzeak testu hedonisten agerpena eragiten du, edota bizimoduaren azkartasunak literatura arinaren alde lerrarazten gaitu, sorkuntza onaren eta txarraren arteko bereizketa ezabatuz.

Hitzaurretik hasita Mikel Ayerbe kritikariak joko bat proposatzen du, alegia, imajinatzea nola gogoratuko den XXI. mende hasierako euskal literaturaren sorkuntza mende oso bat beranduago. Abstrakzio hori egin dezan, irakurleari fronte guztiak irekitzen dizkio Zalduak, hala nola ipuingintzaren inguruko hausnarketak, eleberrigintzaren distirak eta miseriak, kritikoen lanaren betebeharrak, hezkuntza sistemaren gabezia (literaturari dagokionez), beste literatur sistemen lan literarioen oihartzuna, bide batez esanda, oso aberasgarria dena, aipatzen diren erreferentzia literarioez gain, sarritan euskal literaturaren mugatik harago abiatzeko eta endogamiatik ihes egiteko pasaportea baita.

Testu-bilduma bat da Zalduaren argitalpena eta egileak birziklatzeko trebetasuna erakusten du horretan. Liburuaren bi aurpegi azpimarratuko nituzke: lehenengoa, irakurlearen mesederako eskertzekoa baita liburu bakar batean euskal literaturaren mundua eta azpimundua (zurrumurruak barne) hain ondo ezagutzen duen norbaiten gogoetak, aholkuak eta testu kritikoak eskura izatea noizbehinka irakurtzeko, baina ez jarraian irensteko; gainera, ja ez dugu denbora ziberespazioan, aldizkarietan edo egunkarietan galdurik barreiatuta dauden idazlearen testuen bila aritzeko. Zein litzateke bigarren aurpegia? Ba, kontrakoa, gerta litekeelako idatzi gehienak aurretik irakurrita izatea, eta, lehenengo aldi hartan sortutako zirrara, tamalez, berriro ere ez piztea, hori delako, hain zuzen ere, Zalduaren testuek erakusten duten ezaugarririk preziatuena berehalakotasun, ustekabe eta harritzeko gaitasunarekin batera.

Era berean, bi ahots ezberdin nabarmenak dira. Kontzientzia ludikoaz baliatuz, ezagunagoa da tonu ironikoa eta zorrotza erabiltzen duena; alabaina, nago 274 orrialdeko liburu batean gehiegizko erabilera hori nekagarria dela eta irakurleak ironiaren gaindosi batekin buka dezakeela. Beste ahotsak, gutxiago entzuten dugunak, konbentzitu nau. Liburuaren atal bakoitza irekitzen duen pasartean presente dago, “Ez goi eta ez doi” testua ere osatzen du eta “Literatura eta errealitatea” hausnarketan itzulingururik gabe agertzen da. Horrek, hain justu, bat egiten du Nabokovek dioenarekin “Lectures on Literature” (1980) liburuan: literatura asmakizuna da eta fikzioa, fikzioa; eta idazlea iruzurtia izan behar da, engainuz betetako unibertso izugarrien sortzailea. Orduan, nola ez, desadostasunak desadostasun, (euskal) literaturarekiko pasioa pairatzen dugunontzat ekarpen interesgarriak dira Zalduarenak.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak