kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Airearen isla / Mikel Hernandez Abaitua / Elkar, 2016

Maitasuna estalki Hasier Rekondo / Deia, 2017-02-18

Azken boladan puri-purian dago euskal nobelagintzan ildo narratibo nagusia mcguffin gisa erabiltzea, narratzaileak kontatu nahi digun istorio nagusiak zeharkako garrantzia izango balu gisa, egilearen pentsamendu-zaletasun-fobiak-laketasunak ildo narratiboaren barnean eta nonahi tartekatu ahal izateko. Literaturan soka luzea du joera horrek, nobela gisa ulertzen dugun artefaktu literarioak ez baitu bakarrik fikzioa lehenetsi historian zehar, diatriba filosofikoak edota hausnarketa kultuak narrazioaren osagai ezinbestekoak bilakatu baitaitezke, On Quixote edo Tristram Shandy aitzindari eta lekuko nagusiak izanik, besteak beste.

Mikel Hernandez Abaituak (Gasteiz, 1959) Airearen isla bere azken nobelan istorio nagusi lineala erabili du aitzakia gisa: literatur-iruzkingile-musika-esatari nihilista Joseba Agirregomezkortaren (Nick Hornbyren High Fidelity dakarkigu gogora haren musikarekiko harreman epidermikoak; iratzargailuarekin batera The Beatles-en Ob-la-di Ob-la-da kanta, McCartney-k konposatu kanta txepela du abiapuntutzat) eta Donostiako bus-gidari eta iragan trumoitsua duen Iratiren arteko harreman ez-konbentzionalak emango die bide Hernandez Abaituaren zaletasun nagusiei. Josebaren betiko bikotekide Karolinak umeak izateko gogorik ez izateagatik hura abandonatu ondoren, era nahiko bitxian aurkituko du Irati maitasun gaztea azken honek, Donostiako autobus batean emakume batek erdi behar izan ondoren, hain zuzen ere.

Hernandez Abaituak Kursaalean pertsonaiek ikusiko duten antzezlan-opera baten xedeekin egingo du bat: Hugo von Hofmannsthal-ek Strauss-en musikaren laguntzaz idatzitako Ariadne auf Naxos (1912), non osagai kultuak eta herrikoiak uztartzen baitituen. Keinu gisa, nobelako poeta txar baten poesia liburu plagiatu batetik aterako du bere nobelaren izenburua, sorkuntzaren ispiluak.

Aitor dezadan askotxo gustatzen zaidala idazleen eta haien kontuen gaineko azpi-generoa, kasu honetan iruzkingile baten gainekoa, orobat, Josebaren gaineko potretarekin nahiko identifikatua sentitu bainaiz zenbait pasartetan. “Baina ez, bera ez zen inoiz idazle frustratua sentitu, garbi izan zuen beti besteek idatzitakoa iruzkintzea zela bere bokazioa. Eta plazer handia”.

Joseba iruzkingileak gure idazle handi batekin kolaboratzeko aukera izango du argitaletxe baten eskaintzari esker, Gabriel Iturbe, Ramon Saizarbitoriaren alter-egoa nonbait, gure literaturaren zenbait barne berri emateko baliatuko da, erretratu sinesgarria erabat argitaletxeen mundukoa.

Donostiako xehetasun paisajistiko-gastronomiko-musikalak ondo baino hobeto ezagutzen dituen Hernandez Abaituak oso bestelako gaietan aditu fina dela erakusten digu 2006. urtean kokatu narrazioan: musika, literatura, opera, txirrindularitza, Donostia, Venezia, etab. Erritmo geldoa duen eleberri honetan hari narratibo ezberdinak (apika, Xabier lagunarekin duen atala liteke ahulena, Frantziako Tourraren eta txirrindularitzaren gaineko digresioak tarteko) elkar joka ari dira baina ondo dastatzen dira, mcguffin ezberdinen interesgarritasuna gorabehera.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak