kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Idoloak akatu genituenekoa / Iñigo Basaguren-Duarte / Gotzon Hermosilla / Igor Mercado / Barnezomorro, 2016

Kill Yr Idols Mikel Ayerbe / Berria, 2017-02-12

Punk literatura euskaraz. Halaxe ageri da Idoloak akatu genituenekoa narrazio liburuaren kontrazalean, auto-ekoizpenaren bidea erabiliz Barnezomorro zigiluarekin argitara eman den bilduman. Izan ere, do it yourself filosofiari jarraiki, Gotzon Hermosilla, Igor Mercado eta Iñigo Basaguren-Duarte egileak ados jarri ziren elkarren artean punk-rock eta hardcore abestietan oinarrituriko ipuinak idatzi eta argitaratzeko. Ez da formula berria gurean, aurrez Iban Zalduak Biodiskografiak (2011) liburuan pop-rock taldeekin zein abesti jakinekin osaturiko kontakizunak bildu baitzituen. Hori horrela, liburu berriaren egileek ere aitortu dute Zalduaren liburuaren eragina, formula bera errepikatu baitute finean, baina esan bezala, oinarrian punk eta hardcore talde zein abestiak izanik. Beraz, sei eskutara osaturiko ipuin-bilduma da Idoloak akatu genituenekoa, hemezortzi kontakizun biltzen dira eta gutxi gorabehera, egile bakoitzak seina narrazio eskaintzen ditu.

Kontakizunok diskoak kaleratu ziren ordena kronologikoren arabera antolatuta daude: 1973ko Iggy and the Stooges taldetik hasi, punkaren hirutasun santua osatzen dutenekin jarraitu (The Ramones, Sex Pistols eta The Clash) eta hortik aurrera, punk eta hardcore taldeak bata bestearen atzetik, Durangaldeko The Dirties-en 2005eko Hil dira zuen heroiak diskoarekin amaitzeko. Tartean, baita talde apokriforik ere: hain zuzen, Ahaztu antzean ipuineko Ahaztu Antzean taldearen kronikarekin Hermosillak egiten duena, kasik, Searching for Sugar Man dokumentalera hurbiltzen baita, baina zorionez, lokalismoak lokalismo, ezusteko amaierarekin kiribil efektu ederra sortzen du, ipuina bere horretan biribilduz.

Musika estiloak halaxe markatuta, abiadura zein speed biziko kontakizunak gailentzen dira, bat-bateko efektua sortzen dutenak; Black Flag taldearen Nervous Breakdown-en oinarrituriko Basaguren-Duarteren Onetik aterata da aipaturikoaren erakusle, kasik abesti punk baterako letrak ere izan daitezkeelako ipuin horretako hitzak. Underground eta pesimismo kutsuko atmosfera itogarria liburuan zehar barreiatzen da, galtzaileak nahinon nagusitzen dira, nola ez. Gehienetan, gainera, narrazioen girotze ariketak berehala eta itzulingururik gabe kokatzen gaitu gatazkaren erdi-erdian, Mercadoren Career Opportunities ipuinean bezalatsu. Nahiz eta batzuetan narrazioaren baitako ipuinerako ideia lerro-artean argiegi ikusten den eta bat-bateko efektu azkarregiak ere eskapatzen diren, ipuinaren kaltetan. Azkenik, badira arnasa luzeagoko eta tempus lasaiagoko zein gogoetara bideraturiko kontakizunak ere, aurrez aipaturiko Ahaztu antzean, adibidez.

Bitxia da LP zein diskoen izenbururekin idazleek egiten duten jolasa ere, narrazioen izenburuak aukeratzerakoan sarritan abesti edo diskoaren izenburua bere horretan ematen baita, beste zenbaitetan itzulita, baita hitz jokoen bidez ere; edota kontrara, itxuraz zerikusi gutxiko lotura duen beste izenburu bat paratuz. Musika da abiapuntu, baina narrazioak eta literatura idatzia izatea du liburuak helburu eta ipuinez ipuin, egileek lortu dute narrazioen tonu eta giroak elkarrekin txirikordatzen eta halako batasun eta neurri egoki bat ematen azken emaitzari.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak