kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Urtemuga lehorraren kronika / Itxaro Borda / Maiatz, 1989

Libertatia zeinen eder den Aritz Galarraga / Argia, 2017-01-22

Nobedade ez diren liburuak iruzkintzeko 2010ean hartu nuen tarte honetan, bazen inon idatzi gabeko lege bat: autorerik ez errepikatzea. Betetzea gero eta zailagoa zaidan lege bat, aipamena merezi dutenak ez baitira agorrezinak, eta hainbeste maite ditut idazle gutxi batzuk. Nire deskarguan esango dut Itxaro Borda apailatzaile gisa ekarri nuela soilik, Emakumeak idazle antologiaren karietara. Injustizia bat konpontzera nator, beraz, Borda behingoz autore gisa ekarrita. Eta etorkizunerako atea uzten dut irekita, behin hemen sartu diren idazleak berriz gonbidatu ahal izateko.

Zer liburu aukeratu, ordea, zerrenda luze batetik. Bada, urte askoan, Meettok argitaletxeak 100% Basque atera arte, gaztelaniara itzulitako liburu bakarra, 1989. Allegro ma non troppo, Hiru argitaletxe mitikoan agertu zena, euskarazko narratiba lanak gaztelaniaz ematen zituen Milia Lasturko sail gogoangarrian (inor gutxik jarraitu duen ekimena, Pamiela eta Diario de Noticias egunkariak abiatu zutena salbu, nahi baino oihartzun txikiagoarekin). Literaturaren zubitegian, ez narrazio, ez nobela, kronikaren atalean kokatu dute, ale bakar, izenburuak aitortu bezala, nahiz azken orrialdean “nobela bitxi honetan” aipatzen den. Kronika edo nobela bitxi, narrazio labur, gogoeta, elkarrizketa, elkarrizketaz mozorroturiko bakarrizketak biltzen ditu, umore pindarrez, melodramatiko, gorabeheratsu, brilliant batzuetan, afruskeriaren mugetan besteetan. Borda bere osotasunean.

Baina esan dezagun kronika, ados. Zerena, ordea. Bada, 1989. urtearena, iraultza famatuaren urtemuga, berrehungarrena: bero garaia, euririk ez, artoak galbidean, “ETA eta espainol gobernuaren arteko negoziaketak berriz abiatzen ziren”, “feministen mugimendua osoki integratua, eta halatan desbalorizatua dela”, eta “Frantziak, derrigorrezko azimilazioneaz beste aterabiderik ez du proposatzen”. Behar baino gehiago laburtuz, azalduko zaigu 1789az geroz Frantziak nola “aztertu, analisatu, kuadratu, normal-normatu, errevoluzionearen baloreetara plegatu” dituen euskaldunak, “astoaren, irrigin arazlearen, itsuki langilearen, ridikuloki fededunaren” arrastoan sartzeraino.

Irakurri bitartean topatuko dituzu hizki dantzariak, koma auskalo non jarriak, supituki agertzen diren gidoitxoak, akats ortografikoak, ahaztutako maiuskulak, desagerturiko letrak. Pixka batean tremendista jarriko da tarteka —“historian ez dago lekurik guretako, non ez den bentzutuen orrialde odolez kolorestatuetan”—, Godwin legea aplikatzeraino —“Zein da gizarte merdiko hau, populu baten aurkako soluzio finala, bakean, onartzen duena?”—. Baina libertatia zeinen eder den, beste behin ere, Bordaren eskuetan aske dabilenean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak