kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ahantzerriko kop(l)ak / Luigi Anselmi / Pamiela, 2016

Alkoholean gorde poesia ahaztezina Hasier Rekondo / Berria, 2017-01-15

Luigi Anselmiren (Bilbo, 1954) ezizenean ezkutatzen den poeta gauza guztien gainetik poeta da. Rikardo Arregik esan omen zuen poeta izan arren supermerkatuan dagoenean ez dela poeta sentitzen, nolabait poesiaren larregizko pisu transzendentala arindu nahian. Ez dakit Luigi Anselmik zer esango lukeen, alta bada, bere Ahantzerriko kop(l)ak (Pamiela, 2016) irakurri ostean, irakurleoi Jainkoek poesiaz gozatzeko ematen diguten aukera oparirik gustagarriena eta efimeroena dela ez da dudarik.

Anselmiren azken liburu hau, aspaldi argitaratu gabe izan ondoren argitara emandako fruitu klasiko, jaso eta umatua, hiru atal arras ezberdinetan banatzen da; eskertzeko da gaiak inongo irizpiderik gabe bata bestearen atzean eman ohi diren azken poesia liburuak irakurri ondoren, poemarioak nolabaiteko sailkapen tematikoa eskaintzea.

Lehen atalean, Ahantzerria, esistentziaren gaineko hausnarketa iradokitzaileak jorratzen ditu Bilbon ezerezetik mundura etorritako poetak. Izan ere, existentzia bi ez-esistentzien arteko eremua baita, non naturak, maitasunak, edo sexuak, eta alkoholak bakarrik arindu dezaketen dualitateak sortutako ezinegona eta denborak oroimena ezabatzeko duen boterea. “Izakiak oro sortze edo jaiotzarekin hasten dira, eta orobat finitzen, goiz edo berant, hiltzearekin. Ezdeusetik gatoz eta Ahantzerrirantz abiatzen gara fite, baitezpada, geriza bila. Lagun onen gisara, aterperik sekula ukatuko ez digun Ahantzerrirantz…”. Poetari nabari zaio errealitatetik distantzia nagi bat hartzeko beharrizana, Ahantzerriaren hurbiltasunaz jabetu ahala. Dena den, ez da idaztearen transzendentziaz harrotzen den horietakoa. Izar lokak izenburuko poeman horrela mintzo da: “Zeruko arbelean izar lokak:/ Jainkoek, izkiriatu ahala,/ ezabatu ohi dituzten ele distirantak…/ Eta guk, ergel hantusteok,/ gure idazki badaezpakoek/ luzeago iraun dezaten/ nahi ote dugu?”.

Poetak klasikoak maite ditu, batez ere, Grezian kokatutako joera estetikoak eta hango Jainko bihurriak, Ahantzerrirako bidea aldi berean zaildu eta errazten dutenak. Horrela, bada, Zeusen seme Bako, arnoaren eta parrandaren jainkoa, eta haren oinordeko alkoholdunak (ginebra, garagardoa, koktelak…) gurtuko ditu inoiz itzultzen ez diren une eternalen garrantziaz ohartuta, In taberna quando sumus bigarren atal erabat etilikoan. Ginebrari eskainitako odan, eternitatea baino lehen edan dezagun aholkatzen digu, denbora sobera izango baitugu lagunez gabeturik ur geza eta gazia edateko, Anselmiren hitzetan.

Laburzki hirugarren atalean aforismoen eta haikuen arteko formak ehuntzen dituzten poemak landu ditu Anselmik. Ene iritziz, liburuko parterik ahulena, non zenbait poemari zirriborro hutsen antza hartu diedan. Nolanahi ere, ez du harribitxiren bat eskaintzeko parada albora utziko. “Astigarren izar gorriak/ ezerezean amiltzen dira/ oraindik orain/ gure utopiak bezala”.

2016ko onenen zerrenda egin nuenean, edan gabe nituen Anselmiren kopak, azken garaian ahots anitzetatik jipoitua izan den euskal kritikaren beste aje bat nonbait, baina zalantza izpirik gabe sartuko nituzke onenen artean, Olinpoan, edo gorago, koplok. Ahantzerriak besarkatu arte edatea, gozatzea, eta poesia ona irakurtzea baino hoberik ba al da?

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak