kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Globalizazioak eta Erdi Aro berria / Joseba Gabilondo / Erein, 2016

Heterodoxo baten ekaitz globala Hasier Rekondo / Berria, 2016-12-18

“Arazoa, azkenik, are konplikatuagoa da, globalizazioari buruz dagoeneko idatzi dena gizakume batek, edo are talde espezialista batek, bere bizitza osoan irakur dezakeena baino zabalagoa baita”. Joseba Gabilondok (Urretxu, 1963) itsaso handiko erronkari heldu dio Miguel de Unamuno XXI. Saria eskuratu duen Globalizazioak eta Erdi Aro berria: Diferentzien itzuleraz saiakeran. Horrela bada, munta handiko ezjakintasuna hartuko du abiapuntutzat, hitzaurrean aurreratzen digunez, Donald Rumsfeld funestoa-ren aipu bati tiraka, entsegu entretenigarri (bere ohiko ironia eta jakituria uztartuz), didaktiko eta iradokitzailea gauzatzeko.

Has dezadan aitortzen nekez laburbil ditzakedala Gabilondoren entseguan islatzen diren ideia heterogeneo, epatante eta erakargarri guztiak. Ideia andana harilkatzearekin batera, boutade sasi-filosofikoetan erortzeko arriskuan izan arren, egileak brain-storming-a txiki uzten baitu gai eta diziplina anitz jorratuz: ekonomia, filosofia, historia, estetika, sukaldaritza, desioa, politika, erlijioa, demografia, terrorismo askotarikoak eta abar.

Hiru ideia nagusik ardazten dute liburu gomendagarri hau: a) ez dago globalizazio bakar bat, glokalizazioak baino; b) Erdi Aroan jazo zena entelegatuz bakarrik uler daitezke globalizazio hauek guztiak; c) geroa ezin daiteke (Hegelekin hasi eta Fukuyamara arte) era bateratuan hausnartu.

Zenbaitetan anekdota huts bat aurrez eraikitako teoria egiaztatzeko darabil Gabilondok, anekdota xume bat hipotesi bat eraikitzeko sarriegi baliatuz. Esaterako, Indian hirugarren sexua (hijra) legeztatzeak familiaren eredua zalantzan jartzen duela adieraztea, han egon den edonork baitaki legeztatze hori erabat anekdotikoa dela, ez baitu egunerokoan inongo eraginik kasta sistemaren eraginez. Gertakizun puntualei, nahi baino gehiagotan, berebiziko garrantzia ematen die.

Liburuak duen alderik erakargarriena Gabilondok pentsamendu-bidezidor berriak zabaltzeko duen atrebentzia da, betiere lan akademiko sistematiko eta boteretsu baten jabe. Gizena izatea ekintza iraultzaile bakarra dela irakurtzeak barregura eragin lezake, apika hori ere badu xede, baina Gabilondoren ideien logikaren harilkatzeak ezabatu egiten digu bat-batean barre egiteko gogoa, gizentasuna egungo pobreen gosea dela datu kualitatibo eta kuantitatiboekin egiaztatzean. Marxismotik abiatuta, marxismoa eta post-marxismoa bera gainditzen du urretxuarrak, psikoanalisia, erlijioak, boterea, demografia eta abar hizpide gustuko bihurtuz. Heterodoxia askotarikoa da bere erlijioa.

Gabilondok, halaber, globalizazioaren gaineko hausnarketa ez-bateratua profitatzen du Euskal Herriaren gaineko printza politikoak jorratzeko. Michigan State AEBetako unibertsitateko irakaslea izanagatik, eta sorterritik aspaldi “erbesteratua” bizi arren, ederki menperatzen du hemengo egungo errealitatea eta historia, zenbait euskaldun “ahantziren” arrastoari jarraikiz. “Guztiok gara barbaro, eta, beraz, ongizate estatuaren hiritar izan beharrean, estatuaren poliziaren susmopean bizi garen terroristak gara”. Erdi Aroan gaudela egiaztatzeko hausnarketa hemen hasiko du. Dimentsio globala emango dio gatazkari, eta esperimentu politikoen objektu aitzindaritzat hartzen gaitu.

Entsegu zirraragarria, kaotikoa, dirdiratsua ondu du Gabilondok. Urteko liburu gorenen artean dago, analisi globala inteligentziaz eta atrebentziaz landuta.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak