kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Eldarnioak / Karlos Linazasoro / Erein, 1991

Frogatu baino frogatuago Aritz Galarraga / Argia, 2016-12-11

Hogeita bost urte bete ditu Karlos Linazasorok. Ez biologikoak, bistan da, nahiz ederki asko kontserbatzen den: gutxi batzuk gehiago dituela dio, espainiarra dela esateaz gainera, bere nortasun agiriak. Ez du ematen, bete-betean baitago gizona: 2016 honetan bakarrik atera ditu Trilogia hiperlaburra eta Zerua beti beherago dago. Luze gabe, iazkoan kaleratu zuen Literatura hiztegi tekniko laburra, liburu kritikari auskalo ausartegi bati “Linazasororen obra gorena izan daitekeena” atera ziona.

Hogeita bost urte literario bete ditu, beraz, Karlos Linazasorok. 1991n argitaratu baitzituen estreinako, ez bat, bi liburuak. 1991ko urrian Udazkeneko karabana erratua, eta aurretik, ekainean, Eldarnioak. Hasieretatik erakutsi zuen, hartara, bere ibilbidea markatu duen ezaugarrietako bat: superprodukzioa. Orain hamar urte, hamabost zeramatzanean, zenbatu bagenizkion hogei liburutik gora, orain hogeita bost daramatzala gainditzen ditu erraz berrogeiak. Matematiketan trakets dabilenarentzat: asko-asko argitaratu duela.

Baina beti ez omen zen izan horrela. Hona ekartzeko aukeratu diogun Eldarnioak narrazio liburuan, zera irakur daiteke azal hegalean: “Barruan zeraman literaturzaletasun lo zorro xamartua, erabat esnatuko zen Tolosako Udal Liburutegiko ardura hartzearekin batera” —bide batez, bibliotekari hiltzaile ez bereziki abil bat du protagonista Dowstowngo kronika ipuinak—. Hori bai, hasi bazen, ez gelditzeko egin zuen. Eta hasi zen gerora bere ibilbidea markatu duten elementuak erakusten: ahots askotarikoak, kezka konstanteak, umore korrosiboak.

Joxemari Iturralde herrikideak idatzi zuen, estreinakoaren atzeko azalean: “Liburu honek maila berezi bat, goi-maila bat lortzen du, narrazio ezberdinak irakurtzen joan ahala, gero eta gorago ezarriz doana”. Denboraren perspektibarekin erraza da, baina, liburuko ipuinak gero eta aurrerago maila igotzen doazen arren, ados, esango nuke Iturraldek aipatzen duen maila berezi hori, goi-maila hori aurrerago lortzen duela Linazasorok, beste liburu borobilago batzuekin, aspaldi handian ez abandonatzeko gainera.

Eta zentzu horretan adosago nago Felipe Juaristi kritikagileak adierazi zuenarekin: “Lehen ipuin bilduma izanik, liburuak ematen duenaz gain, bertan agertutakoen arabera espero izatekoak direnak ere kontutan hartu beharrekoak dira. Testu gozagarri ugari damaizkigu, baina hau inportantea eta euskal literaturan ez-ohizkoa izanik ere, ez da garrantzi gutxiagokoa erakusten duen potentzialidadea”. Denborarekin, eta bibliografia ezin interesgarriago batekin, frogatu baino frogatuagoa geratu den potentzialidadea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak