kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Feriatzaileak / Patxi Larrion / Susa, 2016

Botere harremanen koktel lehergarria Mikel Asurmendi / argia.eus, 2016-12-08

“Goiztiar ala heldu berri?”. Feriatzaileak nobelako Martin Galdeano pertsonaia nagusiaren izebaren hitzak dira, Martini berari zuzenduak egunsentian. Nobela frenetiko honen jitearen adierazleak dira hitzok.

Martin Ameskoatako mutila da, espainiar ejertzitoan soldadutza egiten ari den txorta. Luis laguna iruinsemearekin batera, istorio gorabeheratsu eta harrigarri honen protagonista nagusiak dira, istorioaren motorrak. Hala izanik ere, anitz dira thriller kutsuko nobela honetan hitza hartzen duten pertsonak. Nobela honen ezaugarri nagusia, pertsonaien mintzo txinpartatsua da. Bakoitzaren gibelean sekretu aire bat hautematen da, euren nahikaria nahikeria da, euren nahien erregaia. Traizioa pertsonaien azal-pene-tan usaintzen da, pertson(ai)ok maitekiro olioztatzen dituzte euren jukutriak.

Patton filmaren errodajearen ingurumarian taxutua da Feriatzaileak. Nafarroan barrena —Iruñea, Ultzaman eta bereziki Urbasan— filmatua izan zen, Espainiako Ejertzitoarekin elkarlanean. Ez alferrik, estatubatuarrek bermatu baitzuten Franco jeneralaren eta diktaduraren erregimena.

Nobelan kontu franko historikoak antzeman dira: XX. mendeko nafarren historia eta antzinako karlistaden zantzu biziak. Ez da haatik, nobela historikoa. Gure historia garaikidearen oroimena freskatzeko artefaktua da. Beste molde batez erranik: botere harremanen koktel lehergarria. Bistan da, ene aburua da.

Ez da baitezpada narrazioan luzatzen den nobela. Zer hobe “lapurreta magistral baten kontakizuna baino?”. Horixe apailatu du Larrion nobelagileak, idazle gisara estreinakoz plazaratua. “Nork bere dohainak ditu eta horiexek garatzea hobe” ebatzi ote du eleberrigileak? Baliteke.

Feriatzaileak-en nobelaren trama, Patton filmaketaren une berean gertatzen da, 1969ko udaberrian. Patxi Larrion lau urteko haurra baino ez zen orduan. Larrionek historia ikasi zuen eta euskara du lanabes. Kazetari lanetan ere aritutakoa da. Martin eta Luis protagonistak kazetaritza ikasten ari dira. Goi-mailako familia aberatsen umeak izan gabe, jendarteko toki onean kokatuta daude biak ala biak.

Nobelagileak istorioaren inguruko historia ongi baino hobeto ezagutzen du, baita istorioa eraikia den geografia ere, bere berea baita. Larrion karistiarren eremuan (1964, Bergara) jaio arren, Iruñerriatik Urbasa eta Ultzama bitarteko eremuaren bere-berezko —edo berariazko— euskaraz idatzi du. Euskara joria. Bestela erranik, iragan mendeetan gerrek zapuztutako jendartea mintzo zatekeen euskara bizia ekarri digu Larrionek.

Ez naiz ausartzen liburuaren balizko gabezietan eria sartzen. Erran nahi baitut, trama harilkatzean gertakizunen pasarteak hobeto ondu ote litezkeen erranez —hainbat elipsi tarteko—, ezta nobelaren sekuentzien jarraipena egokia ote den epaitzen ere. Zaila zait esaten pertsonaiak on eta gaizto izanaren artean lerratuak ote diren. Gizabanakoen ongiaz eta gaizkiaz harago, funtsean, pertsonen jaidura testuinguruak baldintzatua izaten dela pentsatzen dut. Halakoxeak dira film baterako “berariaz idatzitako” nobela honetako pertsonaiak: jite askotarikoak. Gerra ondorengo testuinguruaren arau bizitzen usatuak, halabeharrez moldatuak. Muturreko egoerak adiskidetasuna loratzen omen du etsaiagoren artean, halakoxea pertsonaien ibileretan arnasten den hats adiskidetsua.

Film baterako nobela idatzi dut, berariaz idatzi ere, ez alferrik, nobela film baten errodajearen inguruan garatua baita. Ez alferrik ere, Patton gerra filma egiten laguntzen dutenak, gerra bizi izandakoak edota gerrarako prestatzen diren jendeak baitira. Gerraren helburua boterea hartzea izaki, janaria eta maitasuna dira boterea erdiesteko giza motorraren “erregaiak”.

Nobelako protagonistek horregatik, ongi jaten dute, are hobeto edaten, eta txortan ere sarri egiten dute. Horregatik naski, soldaduak txortak izenez ezagutuak dira nobelan. Baliteke. Ele joriek eta bitxiek biziarazten dute nobela. Feriatzaileak izenburua bera, horren adibide. Iraganeko mundua —eta ondorioz, gerrateak— ez dira ulertzen feria hitza endelegatu gabe. Ferian sarri feriatu egiten da, hortik nonbait feriatzaileak. Nobelako protagonistak, botere handikoak nahiz botere txikikoak, galtzaileak zein irabazleak, feriatzaile galantak dira denak.

Hara, Martin eta Luisi bisaia jarri beharrean, sarritan Patxirena begitandu zait eurengan, nahas-mahasean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak