kritiken hemeroteka

6.938 kritika

Azken kritikak

« | »

Bidean ikasia / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2016

Ezinbesteko lekukotasun literarioa Mikel Ayerbe / Berria, 2016-12-04

Arantxa Urretabizkaiak alardearen inguruko gertakari eta ingurumariak jorratu ditu Bidean ikasia liburuan. Generoari dagokionez, saiakera, kronika literario edota autolaguntza liburu gisa ere irakur daiteke, lekukotza propioak, idazketa kritikoa, barne eztabaidak eta irakurlearen posizionamendua sustatzen dituen neurrian, tonu intimo bezain argi bati esker, gainera. Baina, oro har, nobela bat dela esan behar da, edo irakurle honek hala irakurri du bederen; hori bai, irakurketa pausatua eskatzen duen kontakizuna da, inondik ere.

Liburuaren azpitituluan (1993-2016) zehaztu izanagatik, 1992 urrun hartako lehen pausoetatik abiatzen du kontakizuna Urretabizkaiak (nahiz eta hasieraren hasieraren hasierak urrunago ere atzeman; Whatsapp bidez ere iritsi zaidan pasartearen mezuak aditzera eman didanez), eta alarde parekidearen aldarrikapenaren nondik norakoak bildu ditu, atal labur bezain sakonetan. Eta borroka hori (eta beste barne borroka asko) hain hurbiletik kontatzen saiatzea —neutraltasun ekidistante osoz aritu gabe bada ere, distantzia jakin batetik kontatzea— idaztankera zintzo bezain egiatia lortuz ekarpen bat da bere horretan. Pertsonala, politikoa bezain literarioa eta polifoniko bihurtzen baita Bidean ikasia.

Era berean, esplizituki adierazitakoak irakurtzeaz gain, lerroartekoa irakurtzea ere sustatzen du idazleak, eta, ondorioz, esango nuke testuak ahalegin sortzailea exijitzen edo interpelatzen diola norbanakoari, esan gabekoen eta iradokitakoen arteko hutsuneak betetzeko premia sentituko baitu liburuari lotzen zaionak. Helburua, ordea, ez da irakurlea konbentzitzea, baizik eta ikuspegi zehatz bat azaltzea gertaera kate ulergaitz baten inguruan.

Neu ere 9 urterekin jabetu nintzen danborra (edota atabala, nire kasuan) joz desfilatzearen behar terapeutiko-aldarrikatzaileaz (ikus, bestela, azkenaldian hainbeste ugaldu diren emakume ahaldunduen kale-perkusioko taldeak), eta kantineren (edota banderadunen, nire kasuan) rolak eta zuzendarienak ia betidanik izan ditut jo puntuan. Baina bakoitzak egin dezala bere irakurketa politiko-afektibo-ideologikoa, nahiz eta liburu honekiko jadanik izango diren aurreiritzi negatiboek balizko irakurle kutsatu horri bakarrik egin kalte… Beldur barik edo galtzeko gutxi duenaren begiz eta eskuz idatzi baitu Urretabizkaiak ertz askoko kontakizun hau, era eskuzabal, enpatiko eta ulerkor dotorean.

Izan ere, esan dut Urretabizkaiaren lan berria nobela bat dela, eta berresten dut, errealitatea irakurtzen aritu naizela jakitun izanagatik, fikzioak soilik eman dizkidakeen giltzarrien ildotik ulertu ditudalako narrazioan kontatutako kontu asko. Eta errealitatea fikzio gisa interpretatzera ere iritsi naiz, eguneroko (edota urteroko) borrokak (kanpokoak zein norberaren inguru hurbilekoenak) liburu hau bezain ongi irakurtzeraino kasik. Orain arte egunkarietatik, irrati-telebistetatik edota prentsa hori eta txutxumutuetatik besterik ez nekienari ahotsa eman baitio idazleak Bidean ikasia ezinbesteko lekukotasunean, eta bai ederki asmatu ere. Eta nobelaren amaiera aldez aurretik jakin arren, amaieraren amaieraren amaiera itxi gabe dago oraindik.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak