kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Zorrotz begiratutako trenak / Bohumil Hrabal / Alberdania / Elkar, 2002

Bohumil Hrabalen “docta ignorantia” Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2003-01-18

Ceferino del Olmo zenaren omenez

Berriak jaioko zirela iragarri ziguten, literatura eta unibertsaltasuna lore delikatuak diren arren. Eta, izan ere, neguarekin batera, halaxe garatu zaizkigu, edelweissen modura, bi liburu berri. Hona hemen Literatura Unibertsala sailaren aldi berriko aurreneko kumeetako bat. Lehengoari eutsirik mamian, baina larru berriturik, sugeen antzera, euskal literaturaren basoan tarras doala, astiro bezain tinko, arrotz bezain etxeko.

Tren batzuk oso modu berezian jagon beharrekoak dira. Ezin zaie gainetik begirik kendu. Dena delakoagatik, arreta eskatzen dute, begia jarri beharrekoak dira. Beste horrenbeste jazotzen da idazle batzuekin. Eta, zertan esanik ez, itzultzaile batzuekin ere. Zorrotz begiratutako trenak eleberriak, Bohumil Hrabal idazleak eta Fernando Rey itzultzaileak ardura handia eskatzen dute.

Kafkaren oinordeko hurko eta hurrena, mende honetako idazlerik handienetakoa zen Hrabal: irakurleak, kritikariak eta beste idazleak bat datoz horretan. 1997.eko otsailaren 17an, zahartzaroaren ajeak burua arindurik baina anarterainokoan buruargitasun apurraren jabe, egoitza zuen ospitaleko bosgarren solairuan usoei jaten ematen ziela, lurrera jausi zen. Suizidioa, halabeharra? Haren eleberri eta pelikuletako pertsonaia balitz legez, idazlearen gorputzak zementuaren aurka gorpu bihurtzerakoan ateratako hotsa izan zuen kontrapuntu garratz ibilbide luzearen ostean hutsaren gailurra erdietsi gura izan zuen idazlearen sinfoniak.

Eskolan Bohumil ez ei zen oso ikasle ona, zertan eta… hizkuntzan! Hogei urte bete arte ez zuten hitz eta irudi minek jo. Handik aurrera, denbora pasa bakartzat izan zituen irakurtzea, erne egotea eta ikastea. Unibertsitatean Zuzenbideko doktorea izatea erdietsi zuen, baina nazien botak Praga zapaldu zuenean, tren geltoki batean lanari ekin behar izan zion. Horren guztiaren berri emango digu Zorrotz begiratutako trenak lanean. Eleberria pelikula bihurtu zela jakinda, erraz esan daiteke oso narrazio era zinematografikoa duela Hrabalek. Pellokeria hutsa izanda ere, egia borobila. Inbasoreak bitarte direla, egunerokoa ezin izan daitekeen ohiko bizimodua zertzen ahaleginduko dira herriko seme-alaba arrunt baina heroi bilakatutako horiek.

Errusiarrek hiria askatutakoan, Bohumilek hainbat lanbide ezagutuko ditu eta horietatik guztietatik lortuko ditu pertsonaia literarioei bizi arnasa eta hezurdura emateko lanabesak. Lehenengo liburua argitaratu zuenetik bost urteko ospe aldia izango zuen. Hortik aurrera, zentsura. Eta 1968.eko gertaerak. Lagun bakartzat katua, anisa eta disidentzi joera. Idazlearen lanok bi bertsio izaten zituzten bolada hartan: ofiziala —zentsuraren bahetik igaroarazia, jakina— eta ilegala, osoa, orri mekanografiatuzkoa.

Mundu triste baten isla heltzen zaigu Fernando Rey bitarte dela Hrabalen eskutik, baina, zer egin, mende katramilatsua egokitu bazaio Europako erdialdeko lur nahigabeko horri? Guztiarekin ere, estilo alai eta erritmoz betetako lanak sortuko ditu idazleak. Pertsonaiak gizaki arrunt eta apalak dira, sarritan, bazterrekoak, bizitzak ederto jipoituak, ahulezian sendoak, inozokerian jakintsuak. Ezin bestela jazo idazlearen aburuz gizon-emakumeen arima soilik baldin bada eder orbainek tatuaturik dagoenean.

Lirikatik errealismorik gordinenera jo behar izan zuen nahitaez, bizitzak berak hartaraturik. Hastapenetan, aitaren lantokiko bulegoa izaten zuen idaztoki asteburuetan, letretan haize gora libro joan zen arte. Zinemagintzatik hurbil, idazkuntzan testuak artaziz mozten zituen behin eta berriro fotograma moduko batzuk lortu arte, berrogei urte betetakoan, gero eta modu askeagoan idaztea lortu arte.

Berak zioenez, patuaren minak eta kolpeak joko hutsa dira, eskribitzearen alderik ederrena delako, hain suertez, inor idaztera beharturik ez egotea. Eta baten bat ote dago literatura itzultzera derrigorturik? Itxuraz, beste zer edo zer da harroina idazte kontuetan. Horregatik, apika, Hrabalek literaturan eta bestelako arteetan Lao-Tseren eta Nicolo Cusanoren ideala bilatzen zuen: docta ignorantia, hau da, azkenean, idaztearen idazteaz, norberaz eta munduaz ez dakiguna deskubritu ahal izatea. Haren literatur ekoizpena flakatu ahala nortasuna mardultzen zitzaiola esan zuen behinola Hrabalek, literatura ikasbidetzat, jakinbidetzat zuela erakutsirik. Bohumilek ez zien sorkari zituen pertsonaiei traiziorik egin: hura ere egotzi zuen gizarteak, berak ere ahalegindu behar izan zuen lekutxoa topatzen zokoratuen artean. Eta, ezari-ezarian, adituentzako idazle gurtua bihurtuz joan da. Ez zekienaren berri izaten ahalegintzen zen gizakia baino ez zen arren.

Zinez eskertu behar dizkiogu Fernando Reyri itzulpenean eginiko ahaleginak, ohar sarri eta jantziek laguntzen baitiote irakurleari testuaren bidetik galdu gabe ibiltzen. Aro berri honetako hasi-masietan, bildumak hobera egin du nabarmen. Gero eta hurbilago, beraz, Bohumilek bilatutako grial hura —docta ignorantia— lortzetik, apika, horixe izan behar duelako xede eta ikurritz itzultzaileen elkarte batek eta gobernu batek sustaturiko bildumak. Garaiotan, ezin esanguratsuago inbasoreei liburuko azken esaldian aholkaturikoa: “Etxean eserita geratu behar zenuten, ipurdia aulkitik altxatu gabe”.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak