kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Franco hil zuten egunak / Koldo Izagirre / Susa, 2016

Diktadorearen bi gorputzak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2016-11-19

Unibertso beraren parte dira Koldo Izagirreren “Franco hil ziren egunak” bildumako bederatzi ipuinak. 1975. urte inguruan kokaturik daude denak, Francisco Franco diktadorea hilurren zen egunetan, eta orduko gorabeherak azaltzen dizkigute pertsona arrunten bizipenen bitartez.

Normala ez den egoera batean —diktadurak sortutako terrore erregimena— bizimodu arrunta eramatea posible den galderari baiezkoarekin erantzuten diote ipuinok, baita erakutsi ere nola bizimodu arrunt horiek biziraupen teknika ez ezik erresistentzia mekanismo moduko zerbait bihur daitezkeen. Izenburuak berak horixe aditzera ematen digu, Francoren heriotza ez zela egun bakarrean gertatu; hura sinbolikoki hiltzeko saioak hainbat egunetako esfortzua izan ziren.

Ekintza sinboliko horiek argi asko azaltzen dira “Paperak”, “Une baten argazkia”, “Ehun eta hogei” zein “O Burro” ipuinetan, diktaduraren sinboloak (Paulino Uzkudun, diktadorearen arrantzarako dohainak, haren monumentua) barregarri agertzearen bidez.

Besteetan, gurasoen balioen kontra altxatzearekin hasten da erregimenaren suntsipena. “Hondartza” ipuinean Real Sociedadek fitxatutako Patxi eta Kaskagorrik Alde Zaharreko kaleak poliziaz josita aurkitzen dituzte hondartzarako bidean. Maiatzaren Lehenaren harira manifestazioa deituta dago, eta bi lagunek badakite zer esan nahi duen horrek. Arrebarengandik ikasiak ditu Kaskagorrik erregimenari buruzko gorabehera guztiak, eta Patxik, berriz, Kaskagorrirengandik. Aitak Francoren alde borroka egin zuela aitortu zion behin Patxik lagunari; esan eta berehala lotsatu egin zen.

Gaurkoan, ordea, manifestariei lotuko zaie Patxi, hondartzan jokatu behar duten futbol partida beste baterako utzita. Manifestazio horretan poliziak tirokatutako gaztearen ingurukoa da “Irauntza” ipuina. Amari semeari zer gertatu zaion galdetzen ez dela inor ausartzen azaltzen du Gregor Samsak ez bezala bere burua zomorro bihurtzea nahi duen gazteak —jazarriarentzat garaipen modukoa litzateke itxuraldaketa—.

Kaskagorri berriro agertzen zaigu “Franco hil da entzun genuen eguna” ipuineko binetetako batean. Eskolan dela aita hil zaiola jakinaraziko diote eta hortik aurrera bizitza errotik aldatuko zaio. Tartean arreba atxilotuko diote erregimenaren kontrako jardueretan parte hartzeagatik. Patxirekin, aldiz, “O Burro” ipuinean egiten dugu topo berriz. Futbolari profesional bezala Galizian aritu ostean berriro itzuliko da herrialdera Francoren monumentua eraistea eztabaidatzen ari direnean. Azken horiek ezer erakusten badute, erregimenaren pean bizi direnen kontraesanak dira. “Larbi” bera, Saharan soldadutza egiten ari den euskaldun talde bati buruzkoa, horren adibide da.

Maroko eta Espainiaren kontra ari diren nomaden kausarekin bat datoz soldadu euskaldunak, baina beren preso den sahararrak bestela uste du bere preso egoera kontuan hartuta.

Hain zuzen ere, inperioaren paradoxetako bat horixe da: antzeko jazarpena jasaten ari diren horiek bata bestearen kontra altxa ditzakeela.

“Franco hil zuten egunak” irakurtzean Ernst Kantorowicz-en “The King’s Two Bodies” (1958, “Erregearen bi gorputzak”) lana etorri zait gogora. Erdi Aroan garatu zuten subiranotasun kontzeptuaren arabera, erregeak bi gorputz ditu: gorputz naturala, batetik, fisikoa dena —zauritu daiteke eta, gizaki guztiok legez, hil egiten da— eta gorputz espirituala dei genezakeen hori, bestetik, hilezkorra hura. Diktadoreekin antzeko zerbait gertatzen da; gorputz materiala hilda ere gorputz sinbolikoak segida izan dezake. Azken hori akabatzea zeinen garrantzitsua den gogorarazten digu Izagirrek.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak