kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gidariaren okerra / Gotzon Barandiaran / Susa, 2015

Enpatiarik ez Estibalitz Ezkerra / Gara, 2016-11-12

Bahiketa bat du ardatz Gotzon Barandiaranen “Gidariaren okerra” lanak. Lanbidez taxilaria den Bitorri Huntington gaitza diagnostikatu diote eta itxaropena du Zack Vicente neuropsikiatra ospetsuak erantzunen bat izango duela. Kongresu baten harira Vicentek Bilbon egin behar duen egonaldia profitatuz, hura bahitu eta bere gaitzarentzako sendabidea esatera behartzeko asmoa du Bitorrek. Plana aurrera ateratzeko, filosofiaren zalea den Saioa iloba eta Arantza Ojanguren gerra-argazkilaria izango ditu lagun.

Nobelan zehar, bahiketaren plana garatuz joan ahala, memoriaren gaineko gogoetak eskaintzen zaizkigu: nola eta zergatik gogoratzen dugun gogoratzen duguna; memoriaren gaineko kontrola ezartzerik dagoen hari narratiboa bat eta bera izan dadin denboraz eta lekuaz gaindi, etenik gabe; zer rol jokatzen duten edo joka dezaketen irudizko errepresentazioek memoriaren sorreran eta jarraitutasunean. Ojangurenek zalantzarik ez du, klixe bihurtu den leloa bere eginez, argazki bakar batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Bitor berarekin bat datorrela dirudi bahiketaren nondik norakoak argazki bidez jasotzeko enkargua egiten dionean, gertatu behar denaren lekukotza gisa, “ez dezan beste inork [haien] izenean kontatu” (1). Bitorren hitzek iradokitzen dute argazkiak errepresentazio modurik leialena izateaz gain, egia balio intrintseko dutela: horiek begiratuta jakin dezake batek benetan zer gertatu den.

Paradoxikoki, bere argazkien bidez gatazka guneetatik urrun bizimodu erosoa daramaten horien kontzientziak astintzea helburu duen Ojangurenek enpatiarako ezintasun patologikoa erakusten du. Txikitatik hala izan dela aitortzen du: “Onartzen dut umetako oroitzapen bakar batek ere ez didala pertsonenganako maitasuna sentitzeko arrazoirik sustraitu” (5). Benetako maitasunaren ordez “amodioaren simulakroa” (6) da bere bizitzan zehar sentitu duen bakarra, Zelal gerrillaria ezagutu arte behintzat. Baina maitasuna baino gehiago desira da Zelalenganako Ojangurenek sentitzen duena, bestearen gorputza bere egiteko grina.

Enpatiarik ezagatik da, hain zuzen, hain argazkilari ona Ojanguren. “Patxada handiko frankotiratzaile” bezala deskribatzen du bere burua; “[b]asakeria bakoitzerako objektibo egokia aukeratzen nuelako miresten ninduten ofiziokoek” (6). Biktimei argazkiak ateratzea indarkeria mota bat da; kasu honetan, kamerak egiten die tiro. Argazkilariak, ordea, bere burua erretratatzen ari den horrekiko distantzia jarri behar du bere jarduerarekin aurrera jarraitzeko. Ojangurenen tragedia da glaukoma baten ondorioz erabat itsu geratzeko arriskuan dagoela. Objektiboa zinez objektibo balitz, ez luke begi pare bat beharko.

Ojanguren ez da enpatia zantzuak azaltzen ez dituen bakarra. Bitor taxilaria eta haren iloba Saioa ere bitxiak dira besteekiko agertzen duten jarrerari begira. Bere adimen zein gorputzaren gaineko kontrola galtzearen aukerak kezkatzen du Bitor beste ezerk baino gehiago. Saioak osabarekiko neurrigabeko maitasuna duela dio, txikitan gurasoak lanean zebiltzanean berataz arduratu zen bakarra izan zelako. Hari laguntzearren edozer egiteko prest omen dago, baina Ojangureni zalantza sortuko zaio hori ote den guztia ala arrazoi perbertsoagoak dauden Saioaren ekintzen atzean.

Bitorren ekintzek esanahi politikorik ote duten ez dago argi. Beren apatia tarteko, zaila da nobelako pertsonaienganako enpatiarik sentitzea. Edo, akaso, horretan dago gakoa: gizarteak sortutako subjektu apatikoari apatiarekin besterik ezin zaiola erantzun.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak