kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Linbotarrak / Asier Serrano / Pamiela, 2016

Zorionaren errua Edorta Jimenez / Deia, 2016-10-15

Barkatu ahalko dizkit Linboa zer den badakien balizko irakurleak horri buruzko sarrerako hitz batzuk. Neure eskarmentuz ikasi baitut adin batetik beherakoek Babelgo Dorrea zer den ere ez dakitela eta, beraz, guk “hemengo hizkuntza anabasak Babelgoa ematen du” diogunean ez dakitela zertaz ari garen. Zer esan, bada, Linboa, linbotarrak eta erro horretako beste batzuk aipatuz gero.

Katolikotasun klasikoaren mundu-ikuskeran Linboa delakoa zer-eta Zeruak, Infernuak eta Garbitegiak —edo Purgatorioak— halako gune-multzo bat osatuko luketen mundu honetatik kanpoko eta, beraz, heriotzaren osteko lekuak lirateke. Arima gorputzetik askatuentzako urbanizazio antzekoa. Linboa bataiatuak izateko era edo aukera barik hildako jaio berri-berrientzako gunea litzateke, hots, errurik ez dutenentzat, bekaturik egiteko aukerarik hil direnentzakoa alegia. Bada, erabileraren erabileraz, Babelgo Dorrea lehengo jendartean hizkuntzei buruz egiten hasteko erabiltzen den lege berean erabili ohi dira Linboan bizi eta antzekoak jende maleziarik gabekoez, jende lainoez hitz egiteko. Haatik, ez dirudi Asier Serranok Linbotarrak tituluaren bidez proposatzen digun olerki-bildumako Linboa hori denik. Ezta inondik ere.

Egia, Linbotarrak liburuko lehenengo olerkia Linboa da. Hor ageri zaigun Linboa katolikotasun klasikokotik eta jendarteko erabilera arruntekotik urrun dago, ostera. Hain urrun ezen, ematen duela Serranok, profeta-ahotsez ia, proposatzen diguna Infernura bidaiatzea dela. Hemengo eguneroko bizitza den honexetara, hain zuzen.

Olerkiz olerki, irudiz irudi dakarkigun egunerokoaren infernu honetan jende zoriontsurik ere badenez, itxuraz, Serranok argi utzi nahi digu badela “zorionaren errua” delakoa ere. Hitzok, Kondairak dio izeneko olerkian erabili ditu, baita ere haren arrastoa oharren artean galdu zaidan beste olerkiren batean ere. Ez bada Linbotarrak honekin batera ia argitaratu duen Ate osteko itzalak izenekoan.

Utz dezagun bada Linboa kontzeptua eta gatozen hona, Infernura, eta behin infernuan mintza gaitezen madarikatuez, hau da, besteen zoriontasunaren errua dutenez; mintza gaitezen botereaz eta botearen botereaz “iraganeko elbarrituen zirkuan enperadorea izan daitekeela” jabetu denaz; edo “inoiz existitu ez den iraganaz”, elkartean “bazkaltzeko dugun Atxagaren basurde zuriaz”; mintza gaitezen porrotaz eta onar dezagun —proposatzen digu Serranok liburuko azken lerroan— erratu egin garela orain arteko bizitzan eta beste bat izan behar zatekeela etxera igo behar genuena: “Zu izan behar zinen, ezezagun maitea, zu ez beste inor etxera igo behar nuena”.

Olerki horren aurretik, azkenaurrekoa, Gorpua izenekoa paratu du Serranok. Hilda ikusi du poetak bere burua. Gorpu. Linbora joateko ala Infernura joateko hil den gorpu datzan Serrano hori, alferrikako galdera da gune-sistema hori asmakeria hutsa dela badakienarentzat. Olerki horretaraino iristeko beste hogeita sei daude. Guztiak irakurrita liburuaren gakoa zorionaren erruaren horrexetan dagoelakoan geratu naiz.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak