kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Feriatzaileak / Patxi Larrion / Susa, 2016

Lapur banden etika Mikel Ayerbe / Berria, 2016-10-09

Patxi Larrionek (Bergara, 1964) ondorengo hitzak erabili zituen Feriatzaileak liburua aurkezteko: “Lapurreta batzuen istorioa da, kontua da nork nori zer lapurtzen dion”. Eta behin liburua irakurrita, nola galdegaia erantsi behar aurreko esanari, lapurretaren arte katramilatsuan barneratzen joango delako irakurlea orriek aurrera egin ahala. Horrenbestez, azpijokoek, jukutriek, amarruek, iruzurrek, azpikeriek zein apokeriek eta, azken batean, sekretuek eta intrigek gainezka egiten duten nobelaren argumentuari buruz ezin gehiegizko zehaztasunik eman.

Nafarroan kokatuta, 1969ko apirilaren 29an hasten da kontakizuna, eta maiatzaren 5ean amaitzen. Martin da nobelako protagonista, eta Luis adiskide-mina du bere ibileren ezkutari leial. Kazetaritza ikasleak eta bestelako tratuetan ere konplizeak biak ala biak, alferez bilakatzeko bidean soldaduska egiten dihardutela negozio iturri bat atzemango dute Patton (1970) filmaren superprodukzioaren harira. Eta arrain xamarrak izanagatik, ez dira kontakizuneko amuarrain bakarrak, eta hariak korapilatu eta korapiloak are gehiago bilbatzean, osagaiz osagai txirikordatzen joango dira bestelako gaiak ere: hierarkiak eta botere harremanak, banda zein ideologiek markaturiko ezinikusi eta herrak, senitartekoen arteko esanezinak, bailara edota herri txikietako tirabirak nahiz erabateko konfiantza zein elkartasun keinuak, Bigarren Mundu Gerra eta Gerra Zibileko oihartzunak eta elementu gehiago.

Martini jarraitzen dio une oro narratzailearen kamerak, eta esanguratsua da film baten grabazioa izatea nobelako gertakizunen atze-oihala. Izan ere, nahiko pelikuleroa baita bai kontatzen dena eta baita ekintzak gauzatzeko modua ere (spoiler alert!: maleta-jokoaren pasartea, genero eraldaketa batekin bada ere jada Star Wars-ekoa den esaldiaren eszena eta naziek ostutako artelanen kontua ditut buruan, besteak beste). Edonola ere, egoki eraikiriko suspense edota espioitza generoko nobela bati dagokion bezala, sinesgarritasun arazorik ez du aurkitu irakurle honek, eta kolpe edo eserialdi gutxitan ekin dio amaiera ezagutzeko nahiari. Idazkeraren estilo zalu eta zoliak eta elkarrizketa ugarietako esamolde lehor eta aratzek ere asko laguntzen diote kontakizunaren erritmoari. Era berean, elipsi xehe eta intriga osagaien erabilera dosifikatuari esker, tentsio orekatua eta tonu neurritsua bereganatzen du Larrionek.

Edonola ere, zalantza guneen artean, #hitzmoloien aldeko apustua edota pertsonaia onen eta gaiztoen arteko manikeismo zantzuak aipatu behar nituzke. Muntako feriatzaile edo erdipurdiko xixkalari izanagatik, gaiztoak gaiztoak iruditu zaizkidalako hasieratik, eta onak onak edo onegiak dira amaieran ere (kasualitatea ote onen lapur bandakoak ia beti izenez aipatzea eta gaiztoak, aldiz, gehienetan abizenez?). Badira, zorionez, difuminatuagoak dauden pertsonaia eta bestelako harreman sare zenbait ere. Feriatzailea eta feriatua txanpon beraren bi aurpegi izan daitezkeen heinean, nork bestea norbere onerako erabiltzen duen auzitan jartzera behartzen dutenak, hain zuen. Izan ere, zakurra eta katuaren jolasetik azerien zein otsoen arteko jokaldietara egingo dute jauzi gertakizunek nobela ezin entretenigarriago honetan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak