kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Alde erantzira nabil / Ekhine Eizagirre / Susa, 2016

Barrutik Igor Estankona / Argia, 2016-07-10

Askatasunak leku bat hartzen dizunean egunerokoan, haren alde egin behar duzunean halabeharrez, beharrizan bihurtu dizutenean flotatzea, orduan berdin zaizu ze kartzelatan zauden, kartzela propioetan ez erortzea da garrantzitsuena: “Ez galdetu non nagoen, berriz ere./ Hemen nago,/ hotz izoztuko eta ur epeleko aberrian,/ ez lurrean ez airean, soilik aske,/ soilki askatasunean”.

Ekhineren poesiak badauka bertute bat: ez du errukirik nahi espetxean dagoenaz, ez du sortzen literatura lodi hori erruduntasun kolektiboarena. Zarauztarrak askatasunari kantatzen dio preso zergatik dagoen ederto dakienaren soseguaz. Bahitua eta eroana izan dena ez dute nahi, noski, kantari, ez dute nahi idazle, ez dute nahi ametsetan. Horregatik diosku, kontzienteki, ez dela tristea preso egotea, ezpada norbere burua uztea. Hortik hasten baikara uzten gizatasuna bera. Eta gizatasun horren alderik xamur eta poetikoena du zauriak agerian eroate hori, zalantza eta desesperazioa gure baitan daudela aitortzea: “emagaldu/ nahi dut// galdu// ni berri bat/ kausitzeko”. Talaiatik barik, sufritzen duenaren enpatiatik idazten du halaber, zorrotz, ustez libre gabiltzanon munduaz. Hikmet, Hernandez, Teresa Jesusena. Euren buruen oso kontziente zirelako deitu zuten erresistentziara. Buelta eman zioten sistemari, sistemaren zirrikituetatik irazitako urak lez: “armairutik atera/ eta lokutorioan/ bahitu gaitizten, maite// baina gure gogoek/ elkar hartu eta/ hegan egin diten, aske”.

Arriskatzen duenaren poema liburua ere bada hau. Bihotzarekin eta erraiekin idatzia, batzuetan gorena da eta beste batzuetan lar kaotikoa, lar mendrea poema batzuen esanahia, lar ebidenteak eta behin eta berriz erabiliak zenbait argumentu poetiko, “malkoz itsasoratuko dut gorrotoa eta/ samurtasunari egingo diot txokoa”. Sarriren Kartzelako poemak begi ninietan daramatzagulako izango da beharbada, baina kartzelako nire literatura gogokoenaren ekarpen politiko eta poetikoa oinarritzen da, hain zuzen, apur bat mistikoa ere baden pausan, behaketan eta sakontasunean. Ekhineren poesia, zentzu horretan, menderakaitzagoa da. Abantaila du freskurarena, arriskua saski-naskiarena. Liburu honen xarma eta ekarpen ederrena ere arrisku horretatik jaiotako fruitu debekatua da finean: haragikeriazko maitasun itzel bat maitasun erromantikoa baino askoz ederragoa, borroka klasikoa baino askoz askatzaileagoa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak