kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Munstro abertzalea / Ignazio Aiestaran / Elkar, 2003

Izan gaitezen Aritz Galarraga / Argia, 2016-07-03

Munstro abertzalea da, momentuz behintzat, Ignazio Aiestaranen poesia emaitza bakarra. Munstroa. Ez dakigu oraindik naturaren legeez at eraturiko izaki biziduna, edo jarduera intelektual eta ahalmen handiko pertsona. Baina munstroa. Nolakoa? Besterik ez bada, “nik neuk daramadan munstro hori”: nortasun-agiri frankistek eman izena duena, euskara maitale duena, etorkizuna izanik etorkizunik ez duena, kalean eskubiderik aldarrikatu ezin eta kale-borroka guztiak kritikatzera kondenatu dutena. “Denok barruan daramagun munstrokeria hori”. Eta abertzalea. “Abertzalea izan ez arren”. Alegia: “abertzalea naiz,/ Lurreko txoko honetatik/ ilargia/ nola ikusten den/ gustuko izatea/ abertzale izatea bada”. Bestela ere esan daiteke: frantsesen artean espainiarra, espainiarren artean baskoa, baskoen artean nafarra, nafarren artean putobaskoa, etc.

Ez bakarrik nolakoa munstroa eta zergatik abertzalea. Galdera gehiago ere badira: Zer da herria? —“Denok ulertzen dugun/ eta inork mugatu ezin duen zerbait”—. Zer naiz ni? —“Orojakileen artean ezjakina,/ bizidunen arteko hildakoa”—. Kristo hemen jaio balitz: Jainkoak esango zukeen ez zela bere semea. Eta galderarik ez denean, da sententzia, zuzen-zuzenean urdailera doana: salatzailea —“hautestontzien demokrazia/ beirazko kutxa bezain hauskorra da”—, ekologista —“orain baskoak garela/ hasiera batean basokoak ginelako”—, herrijasotzailea —“Eraikuntza nazionala: Guggenheim museoa”—, beti gure miseriak agerian uzten dituena —“21 dira/ 1987an Bartzelonako hipermerkatuan/ jarritako bonba batek asasinatuak,/ zu eta ni bezalako 21 lagun hil”—. Poema batzuek, egia da, ideia on batetik —Itoizko urtegiaz ari dela: “Ura dakarrenak/ urrea darama”—, akaso ez dute behar besteko garapenik, edo hitz joko hutsean geratzen dira: “burujabetza lortu ordez/ burugabetza izango dugu”. Baina, oro har, eta urte gutxi batzuk joan diren arren, gaurkotasunik batere galdu ez duen bilduma da.

Eta liburua hor geratuko balitz, ez litzateke gutxi. Baina, ez, badu bigarren zati bat, epilogoa: “Irakurketari jarraituz gogoetan”, Joxe Azurmendirena. “Poesiak ez digu puskailetan dagoen etxea birreraikiko. Eramangarriagoa eginen digu, hala ere, gure patua”. Unibertsaltasunaz, diferentziaz, nongotartasunaz, mestizaiaz, gatazka politikoaz, poesiaz —“Poeta bat hori da: behin eta berriro mozorroak erori egiten zaizkion bat”—. Labur, Azurmendi, distirant, bere onenean. Esan daiteke, beraz, bi liburu direla bakarrean. Bukatu aurretik, ordea, Azurmendiren azken gomendioa: “Bere burua norma deklaratua daukan mundu anormal honetan, izan gaitezen, bada, munstro”.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak